ISUNA ETA ISUNA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ISUNA ETA ISUNA

Notizia zabal dabil egunotan gure probintzian: Trafiko Zuzendaritzak, iaz, lau miloi eurotik gora harrapatu (bildu, jaso, xixkatu) omen zituen, Gipuzkoan bakarrik, gehiegizko abiaduraren kariaz, kausaz. Hirurogei mila auto-gidari baino gehiago izan omen ziren radar finkoez nahiz ibilkorrez zepoan hartuak; ehun eta hamabost mila bostehun eta berrogeita hiru isun jarriak… Beraz, beste horrenbeste multa gure etxeetara, irabaziaren lehiaz eta afanez eta grinaz. Aurton askoz ere gehiago izango omen ditugu, seguru…

Inork ez du, ordea, notiziarik zabaltzen zenbat multa ipintzen den gure herri eta hirietan aparkatzea dela-eta, zenbat sos den harrapatzen, biltzen, jasotzen, xixkatzen, zorioneko TAO-OTAren sistemarekin, irabaziaren grinaz eta afanez eta lehiaz, zazpi kopeta-azalez. Jakingo nuke gustura, horra!

Abiadurarenak alde batera utziko ditut… Aurreko batean, ondoko hirian nintzen, gestorian dokumentu batzuk entregatzen. Sartu, paperak utzi eta kito: ez nintzen egon arrautza-gorringoari danbolina jotzen… Kalera irten eta han ari zen udaltzain tente bat isuna jartzen; aparkatze araua hausteagatik, inondik ere. Esan ere egin nion: «Hara bestea; burutik joan zara, ala!? Bost minutu ere ez ditut egin-eta! Gure Jainkoak eskertuko lizuke, jubilatu bati faboretxo bat egingo bazenio…». Ez zuen zirkinik ere egin, ikarakaitz. Eta multa eskribitzen jarraitu zuen serio demonio…

Egia esan, pasatu egin nintzen pitin bat hurrena gero, eta: «Harro lotsagabe galanta egina hago hi!», atera zitzaidan bihotzetik. Entenditu egin zidan, ze, hozki so eginez, beste isun-paper bat betetzen hasi baitzen, autoak ez omen zeramala-eta bistan ITV delakoaren pegatinarik. Ezin izan nion orduan barren-barrenari eutsi, eta direnak eta ez direnak jaulki nizkion parrastan: «Zomorro zikina. Ikusten diat, bai, potrozorri batekin ari naizela hizketan. Beste ezertarako balio ez, eta polizia egin haute hi, kalamidadea halakoa…».

Arestian aipatu bigarren multa osatu zuenean, parabrisako azpian atxiki eta, segidan, hirugarren bat betetzeari ekin zion. Ez nintzen hala eta ere kikildu. Hamar bat minutuz bereak eta bost esan nizkion, bihozgabetik gibel-handiraino, madarikatutik astapotroraino; zokormazoa, segapotoa, babalorea… Arnasa hartzen nuen bakoitzeko, isun-paper berria hartzen zuen; eta isun-paper bakoitzeko, irria are eta zabalagoa egiten zitzaion ezpainetan, dirdaitsuagoa begietan…

Nire hamaikagarren irainaren ondoren udaltzainak aleungarren multa idatz-bete zuenarekin, erabat ase zitzaion, sobra ere, mendekua; eta bazihoan… Bazihoan, auto txarki aparkatu haren matrikula eta abarrak ondo apuntatuta, zepoan hartuta ninderamalakoan ni ere. Orduan: «Neuk ere joan beharra zeukaat, ba –esan nion iheska–, hortxe ailegatu duk-eta nire autobusa…».

Ikustekoa izan zen, ikustekoa izan zenez!, udal-polizia haren mozolo aurpegia, zer esan, zer egin ez zekiela… Orain urte batzuk jubilatu nintzenez gero, egunero bilatzen dut dibertsioren bat, egunero saiatzen dut denbora-pasa jostariren bat… Medikuak halaxe aginduta, portzierto; guztiz garrantzitsua omen delako nire adinean ez aspertzea, umore berrien bila sarri-sarri abiatzea, hala etxean nola kalean ere. Eta, jakina, medikuari kasu egin behar zaio.

 

Bizargorri, 2016-10-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2016
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31