PATRIARKAK ETA MANIFESTAZIOAK | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

PATRIARKAK ETA MANIFESTAZIOAK

Mende luzeetan zehar, antzinako historia eta berriagoetan, patriarkak agertzen zaizkigu agintari eta haginkari. Gizasemeak (ia) beti. Lege zaharreko patriarkok, “leinu edo familia handi bateko buruok” (sic), “beren adin eta jakinduriagatik (sic, sic) familia edota kolektibitate batean autoritate direnak”, patriarkok, ez dute behin ere hutsik egiten; ezin dutelako, hutsezinak direlako: berek ezarritako lege-arauen epaile eztabaidaezin jarriak daudelako… Epaile txarrik ez daiteke, hortaz; ez dago, beraz. Eta hori igual-igual “fortunatzen” da hala diktadura batean nola demokrazia bestean ere. Diferentzia bakarra dago, diktaduran otapurrak (ogi apurrak) ematen dizkigutela menpekooi jateko, eta demokrazian, berriz, boto-eskubidea, arestiko patriarken atzetik ipur-miazka eskean joateko. Hau da: otapurrak hartu eta botoa eman, bai; baina gero, ixo!! Gauzak horrela, legezkoak izan arren, bidezkoak ez dira manifestazioak; alfer-alferrik daude populuaren mugimenduak. Patriarkek dute azken hitza eta kito.

Eta hau guzti hau La Manadamalapartatuaren zorigaiztoko kasua dela-eta datorkigu. Duela bi urte, bost gizanarru makurrek neska gazte bat Iruñeko eskailerape estu batean bortxatu zuten bezala bortxatu eta epaile nagusiak, adineko jakintsuak, dio hura “jolasa eta festa” izan omen zela. Beste batek dio, bestalde, “neskarena berarena izan omen zela erru guztia”. Etab., etab. Manifestazio jendetsuak egin dira haserre han eta hemen, hiri handi eta txiki gehienetan, eta patriarka batzuek diote hori ez dela bidea, epaileen esanari men egin behar omen zaiola beti. Amen. Ixo. Baina hau guzti hau badakigu. Baita Stalinen anekdota hura ere, seguru asko.

Stalin diktadoreak behin, bere bileretako batean, oilo bat ekarrarazi zuen (izan zitekeen oilar edo oilasko edo oilanda ere). Lepotik estu heldu esku batekin eta, bestearekin, lumak kentzen hasi zitzaion, banaka-banaka. Oiloak, minez txikitzen noski, ihes egin nahi izan zuen, baina ezin. Hala, behintzat, lumatu zuen ia erabat oilo errukarria. Inork salan ez zuen txintik ere atera patriarkaren aurrean; inork ez zuen kontrakorik manifestatu; denak ixo…

Orduan, hala esanik izango zien bere mirabe mutuei: «Begira orain zer gertatuko den…». Oiloari jare egin zion zoruan, eta ogia apur-apurka eta garia ale-aleka botaka, sala zabalean batetik bestera hasi zen Stalin jauna tipi-tapa. Bertakoen harridurarako, atzetik segi eta segi egiten zion oilo gaixo goseak. Eta Stalinek: «Honelaxe bezain aise gobernatzen dira mari-tuntunak eta potro-ergelak. Oiloa ikusi duzue, eginak egin eta minak min, nire ondotik isilik etortzen? Antzekoak dira herri gehienak: zernahi egiten dutela ere gobernariek (politikariek, legelariek, epaileek), isilik eta amenka segitzen diete ondotik beti, gezurrezko lausengu huts faltsuen atzetik».

Aspaldiko partez, jaun eta andre jubilatu populua manifestatzen ari da astero nonahi, pentsio duina eskatuz, exijituz. Orain, La Manadako bost mutil zakilak, behin betiko epaiaren zain daudela, libre utzi dituztelako, emakumeak (batik bat) trumilka atera dira kalera justizia eske. Hori dela bidea uste dugu, ez isiltzearena. Emakumeak “patriarken, epaileen eta deabruaren gatibu daudenak, gaudenok, libratzera atera zarete”. Bejondeizuela. Segi hortan. Aurki Altsasuko kasua gerta dakiguke hortik honakoa! Justiziak anpara gaitzala. Ea behingoz manifestazio bat fortunatzen zaigun “mani” baino areago “festazio”.

Bizargorri, 2018-06-27

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2018
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930