HAMAIKA ETA BAT GEHIAGO
(KONTXAn HAMABIgarren BANDERA).
Hondarribian (Irun, Hendaia),
Bidasoaren ahoan,
neska-mutilak arraun lanean
ehun bat urte iragoan
estropadetan ibilki dira
emaitza on oparoan,
herriarentzat ona-ta-sona
ekarriaz luzaroan.
Irailak bian, Zierbena lehenen;
Urdaibai, bederatzian…
Halere, inoiz halabeharrak
jotzen du era bitxian:
Zierbenarekin Hondarribiak,
borroka estu itxian,
estropadarik irabazi ez
eta bandera ‘itxian’!
Gure mutilek dantzatu dute
bizkarra eta gerriya
aurten berriro irabaziaz
Kontxan bandera berriya.
Pozak txoratzen dantzari dabil
kale-portu-baserriya,
azaña honek harrotu baitu
Hondarribiko herriya.
Arraunlariak handik-hemendik
fitxatzeko kreditua
batzuek behintzat aspaldi dute
urtez urte gehitua.
Eroste hori ezin esango
dugu denik delitua…
Hondarribiak harrobiakin
handia du meritua.
Neska-mutilen koadrila dugu
hemen lege-legekoa:
bertan hazia, bertan hezia,
ia dena etxekoa,
Arraun Taldea langile fina,
herria poz betekoa…
Urte askoan gora-ta-Gora
Ama Guadalupekoa!!!
HONDARRIBIAn, 2018ko irailean.
Jesusmari Mendizabal Iraola, «Bizargorri».