Munduan egunero negarra albiste,
goizero prentsan zenbat irizte iriste…!
Onerako ez denez pozoia alpiste,
gaur ere eguna dut baldan eta triste…
Kontatuko dizkizut mojenak bi txiste.
(Bata). Joan dira bi moja zintzo azokara eta… berandutu konturatzerako. «Ilun dinagu, Ahizpa Nerea; urruti gauden komentutik», batek. Eta: «Jakina: halaxe dun, bai, Ahizpa Eztitsu… Eta konturatu al haiz gizon bat segika dugula…!?», besteak. «Bai, bai. Zer nahi ote din arraio horrek?». «Jakina: bortxatu nahi izango gaitin». «Ene, bada! Zer egin behar dinagu, hortaz…!?». «Jakina: banandu. Hi hoa horrako horretatik; ni joango naun hemendik».
Ahizpa Eztitsuren atzetik joanik izango zen gizona… Ahizpa Nerea, berriz, ailegatu da komentura, kezkati. Handik ordu betera, ailegatu da Ahizpa Eztitsu ere. Nereak Eztitsuri, larri: «Aizan, aizan, zer gertatu zain…!?». Eta: «Jakina: korrika batean atera naun; bera ere bai, baina, atzetik». «Jesus, Maria ta Jose! Eta gero…!?». «Jakina: harrapatu egin nain». «Maria Santisima Laztana! Eta hik zer egin dun?». «Jakina: gonak altxatu ditinat gerriraino». «Ai, ene bada, ba… Refugium peccatorum! Eta berak? Zer egin din berak…?». «Jakina: galtzak jaitsi ditin beheraino». «Eta? Eta…!?». «Jakina: ondo bistakoa zagon, ba. Moja batek arinago korrika egiten din gonak gerrira altxatuta, gizon batek galtzak orkatiletaraino jaitsita baino».
(Eta bestea). Gizaseme bati, kalean dabilela, ondoeza egin zaio eta erori da zerraldo lurrera. Jaso eta eraman dute abioan mojek kudeatutako ospitale katoliko batera. Bihotzekoa izaki, egin diote ebakuntza lehenbailehen. Esnatu da gaixoa eta ikusi du ondoan ospitaleko Ama Nagusi edo Diruzaina, zain. Eta: «Ama Pilar nauzu. Zure bihotzeko ebakuntza –mojak, begi zuria eginez– primeran atera da. Bejondeigula, Jainkoari eskerrak… Orain badugu beste kontu bat konpondu beharrekoa… Mediku asegururik izango duzu, noski, ez da?». «Ez, ba, Ama Nagusi». «Kreditu txartelen bat bai, behintzat, ala?». «Ez, ba, Ama Nagusi». «Esku dirua non edo han izango duzu gutxienez, zorrok ordaintzeko, ez da hala?». «Dirurik ez dut». «Txeketan edo nolabait ere ordain dezakezu, ez!?». «Ezetz, ba, ene Ama Nagusi».
Kezkatzen hasia da dagoeneko Ama Diruzaina, kopetako izerdi hotzez. Hala eta ere, etsitzen ez du eta: «Ondo da… Nolanahi ere, nonbait izango duzu, baldinbaitere!, senideren bat gastu hauen kargu egiteko prest». «A, hori bai! Badut arreba neskazahar bat, moja; ez dakit, ordea, sosik batere ote duen…».
Halatan, Ama Diruzainak agudo eta zorrozkiro zuzendu nahi izan dio, gizon operatuari, esan berri duen okerra: «Aizu, aizu…! Barka, baina hemen zuzen hitz egin, gero, niri: mojak ez gara neskazaharrak! Horixe aditzea besterik ez genuen falta! Gu Jaungoikoarekin ezkonduta gaude!». Eta zorrozki bezain agudo eman du gizonak ere bere erantzuna, irritxo maltzurrez, gisa honetan: «Ene, bada, ba! Jaungoikoarekin ezkonduta dago, beraz, gure arreba!? Baldin egiaz hori hala bada, bidal iezaiozu zor hauen guztien faktura nire koinatuari».
(Hortik omen datoz “Jainkoak lagun zaitzala”, “Jainkoak pagatuko dizu” edota “Jainkoak ordain diezazula” esapideak, behin eta berriz erabiliak).
Bizargorri, 2018-10-10