Zerbait esan nahi eta beste zerbait oso diferentea adieraztea ez da atzo goizeko kontua. Hona hemen iritsi berri zaizkidan hamabi abisu, benetakoak omen direnak benetan, beste hainbeste parrokiatako iragarki taulatan agertuak, auskalo non eta noiz. Intentziorik onenarekin idatziak, baldinbaitere; baina oker txiki jostariak aker txitxi lotsari bilakatuak. Jatorrian gazteleraz non edo han sortuak, saiatuko naiz euskeraz hemen ere pareko graziaz ematen; okerretik akerrera berezko bidez ekartzen. Hona, bada, beraz, «Parrokiako abisuak»:
1 Seme-alabak eduki eta ez dakitenentzat, parrokian badaukagu gune polit aproposa, propio umeentzako prestatua.
2) Gaur iluntzean hitzaldia emango du jaun erretoreak honako gaiaren gainean: «Kristau ezkontza: Jainkoak bat egin duena ez dezala gizakiak eten». Emakumeentzat, 19:30etan; gizonezkoentzat, 20:30etan.
3) Datorren ostiralean, Shakespeareren “Hamlet” antzeztuko dute gure akolitoek. Eliztar guzti-guztiak gonbidatuak zaudete tragedia hau ikustera.
4) Zatozte, zatozte etxekoandre bihotzekoak: Ongintzarako Tonbola ez ezazue, Jainkoaren izenean, aurtengoan ezergatik ahaztu! Aukera ezin hobea duzue etxeko alferrikako traste xaharretatik, trabarako ez bestetarako dauzkazuenetatik, behin betiko libratzeko! (Ekar itzazue zuen senarrak).
5) Gaurko kristau ikasbidea: «Jesus ur gainean tipi-tapa oinez». Biharko kristau ikasbidea: «Jesusen bila gabiltza».
6) Hirurogei urtetik gorakoen koro kantaria uda guztirako eten egingo da, bertan behera utziko da denboraldi baterako, parrokiako guzti-guztion eskerrik onenik onenean.
7) Eskualdeko parrokien arteko futbol txapelketak datorren larunbatean ekingo dio berriz ere. Lagun zaiguzu, arren eta arren, “Kristo Errege” garaitzen, xahutzen eta azpiratzen!
8) Datorren astean «Egin ezazu baraua probetxuz» titulupean emango diren ikastaroek egunean hamar euroko kostea dute (hamaiketakoa barne).
9) Mesedez, ipin itzazue zuen limosnak sobrearen barrenean, gogoan izatea nahi duzuen hildakoekin batera.
10) Gaur gauean, afari gizen gozo batez ospatuko dugu gure herriko Santu Patroia. Hasteko, egundoko babarrun jana izango dugu, aza eta guzti; ondoren segidan, egundalako tronboi kontzertua.
11) Gogoan izan ezazue datorren ostegunean hasiko dela katekesia bi sexutakoentzat, bai neskato zein mutiko.
12) Aurten ere, aurreko urteetan bezala, irailari errespontsu batekin emango diogu akabera; errespontsua, portzierto, parrokia honetan hildako guztien alde(tik) kantatua.
(Gustatu zaizulakoan… Baina itzulpenak maiz ohi dakar berarekin arazo latzen bat: hizkuntza batean ondo “jotzen” duenak bestean ez du ondo ematen. 12. abisu horretan, kasu. Gazteleraz dio: “un responso cantado por todos los difuntos de la parroquia”. Euskeraz nola esan hori, esaldiak bi adieratarako balio duelarik, jakina!? (“por los difuntos”: hildakoen alde, hildakoek kantatua). Nik neuk ez dut asmatu. Ea zuk… Esaidazu, faborez, ezer eratzen bazaizu).
Bizargorri, 2019-05-22