LUIS LUZIANO ETA KLAUDIO (eta II) | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LUIS LUZIANO ETA KLAUDIO (eta II)

Nork ditu, ordea, ezagutzen Lucie-Honorine Richard eta Marie Clémence Richard ahizpak? Nork du hemen gurean bi dama hauen berri? Biak ala biak ere (“vasca y euskaldun” Arana Martixaren esanean), Jean-Baptiste Richard-en eta Joséphine Grandmontagne-ren alabak izan ziren. Bai aita nola amaren familia labe garaien jardueraz arduratu ziren: harrobietan aritzeaz, metalak urtzeaz, mailukatzeaz, siderurgia berrian, batetik bestera, kasik nomadismoan… Hala, Bankara iritsi ziren 1827an, Larrainera hurrena 1830ean edo; handik Orotz-Betelura 1850ean eta, joanean-joanean, Araiara, Zegamara…

Bi ahizpetan zaharrena, Klementzia, Bonaparte printzearen maitale lehendabizi eta emazte azkenean izango zena, Larrainen jaio zen 1830ean. Ingurune poliglota batean ibilki, frantsesa eta euskara eta gaztelera primeran zekitzan. Senarrak bere “kolaboratzaile fidel” eduki zuen ondoan euskarari buruzko obra linguistikoan, hiru hamarkadetan zehar, askorik inon aipatu izan ez bazuen ere. Euskal Herrira egindako bidaia horietako batean, Klaudioren etxean, Hondarribian, ezagutu zuen Klementzia, Luziaren ahizpa: berarekin enamoratu eta Ingalaterrara eraman zuen berarekin. Seme bat izan zuten elkarrekin. Gerora, Luis Luziano printzea 1881ean alargundu eta gure Klementzia xuberotarrarekin ezkondu zen: aurretik bai hemen Hondarribian eta bai han-hemengo bidaietan elkarrekin ibili-bizi izan zirenak.

Haren ahizpa, berriz, Lucie-Honorine, hura ere Larrainen jaioa (“erraiten ahal da xiberotarra izan zela bi ahizpen mintzagaia”), denbora joanean Klaudio Otaegirekin 1857an ezkondu Zegaman eta, hemen Hondarribian bizitzen jarririk, bost seme-alabaz erditu zen: bost Otaegi Richard-tarrez. (Inork ba al daki haien arrastoren berri…?). Harenik besterik apenas ezer dakigun, ez bada Hondarribiko “kalian”, murru arteko etxe politean, bizi izandu zela, dotore; auskalo noiz, baina hura ere, noski, noizbait hilko zen arte. (Ez dut aurkitu). Denak mintzo dira luze Bonaparte printzeaz, haren Marie-Clemence emazteaz eta Klaudio koinatuaz; baina, ai ene!, Lucie-Honorinez denak dira ahantzi.

(Bada familia honetan guztian beste jaun ahantzi xamar bat: Frantzisko Grandmontagne Otaegi. Arestian aipatu Grandmontagne aita, eta ama gure Klaudioren ahizpetako bat. “Aquel chaval pasaba largas temporadas en Fuenterrabía”, bere osaba-izebekin, baldinbetan. Nobelista eta kazetari izana, «Luis de Jaizquibel». Hemen Hondarribian bertan, osaba Klaudio eta Bonaparte printzearen bitartez, ezagutu omen zituen Joxe Mari Iparragirre xahartua eta Victor Hugo berbera; baita Unamuno ere, agidanean, gutun-lagun izan zuena).

Antxoak sardaran pilo-piloan bezala, datu askotxo eman dizkizudala esango duzu, onean. Eta ez duzu, noski, arrazoi faltarik. Baina utzidazu niri ere zerbait esaten: aspaldian ez dut, datuen arrantzan, hainbeste lan eta buruhauste izan, horra! Sarean ibilia naiz, salabardoa hartuta, bi dama hondarribiarren bila: Luzia Honorina eta Maria Klementzia. Bi horien gainean ezer jakiteko, derrigor jo beharra dago haien bi senarretara: Klaudio eta Luis Luziano. Normala iritziko diozu, gizonak izan zirelako idazle famatuak. Baina, nahiago nuke bost kuarto baino, Luzia eta Maria agertuko balitzaizkit, bi etxe barru horietako berri kontatzera; nahiago nukenez! Plazatik ez baita sekula etxe barrurik ikusten…

Kontua da (eta hauxe da esan nahi nuena, labur-labur), orain denbora asko-asko ere ez dela, hemen Hondarribian jende handia ibili zela gure herrian, kalean goiti eta beheiti, geuk egun bistaratzen ditugun harri berberen aurrean…

Bizargorri, 2019-06-19

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2019
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930