Joan den zapatuan hitz egin genuen batzuok Segura Irratian Iratirekin gure lagun Rufino Iraola Garmendia zendu berriari buruz (loak ekarri eta loak eraman: bi ametsen bitartean bizi gara), bakoitzak bere zerak kontatuz. Han neuk esanak eta han nik esan gabe utziak ekarri nahi ditut hona, Billafrankako peri egunean (Rufinok eta biok umetan esaten ikasi genuen moduan esanda).
Hasterako, aitortu beharra dago harenak eta nireak arbola genealogiko beretik datozela; biok ala biok, seguruenera, adar beretik gatozela. Izan ere, haren Iraola deitura Olegi baserritik bezala, nirea ere (ama Marianaren aldetik) Arrutik baitator, biak Zaldibiatik. Badugu odolean, beraz, trazarik; inondik ere!
Haurtzaroan eta gaztaroan eta bai geroago ere bakoitza bere aldetik ibili ondoren, laurogeiko hamarkadan ezagutu genuen elkar aurrenekoz. Bertsoa genuen biok, besteak beste, gure afizio kuttun; eta Gipuzkoako Txapelketarako lehendabizi eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako hurrena (1986) hautatu eta prestatu gintuzten epaile izateko. Bilera franko egin genuen bertsoa doitzen, “neurtzen” ikasten; baita ibilera ugari ere herriz herri bertso saioetako epaile lanetan. Baina notak ipintzen, kalifikatzen, ez orain bezala: egurrezko taula batean jartzen genion epaile bakoitzak bertso kantatu bakoitzari geure nota…, entzulegoari erakutsiz! Historiarako geratu zen hura. Geroztik ez da halakorik.
Handik gerora, DVn, “Bai Horixe” izeneko zutabegintzan ibili ginen urte askoan lagun; elkarri aholkuak eskatuz, elkarri komentarioak eginez, elkarri laudorioak eta eupadak eskainiz… Polita eta eraginkorra izandu zen iraun zuen bitartean. Rufinok azkenera arte segitu zuen bertan; nik, tamalez, ez. Halere, DVko blogean nire idazlanak argitara emateko aukera badut oraindik, eta Rufinok sarriro animatzen ninduen lagunik onenen gisan. Ez daukat ahazteko.
Haren idazgaia anitza zen; hontaz eta hartaz, luze bezain erraz eta airoso jarduten zen. Bazuen, dena den, gai bat beste guzien gainetik, nik uste, maiteen. Maiz ateratzen zuen hala idatzizko lanean nola eguneroko ahozko jardunean: alegia, espiritualtasuna, teismoa, teofania, “hor nonbait bazeok zerbait”… Asko zuen honetaz guziaz leitzen, asko zuen pentsatzen, hausnartzen, elekatzen… Nik adarra jotzen nion: espiritua euskaraz “gogoa” esaten dek; ez al dek dena horixe izango, “gogo hutsa”? Eta barre egiten zuen, jakina, lasai ederrean.
Ez pentsa, gero, baina, mundutik at, eguneroko errealitatetik ihesi ohi zebilenik, ez horixe. Ezertatik ezertara! Konpromezu soziala, euskara, borroka ez armatua, berdintasuna, Euskal Herria, … Gu biok garai bateko Euskadiko Ezkerra haren inguruan mugitu ginen; lagun ginen; ados xamar ginen… Españolistatzat tratatu izan gintuzten zenbaitek gaiztoki, ala egia! Azkenetako aldi batean berak adierazi zidan moduan: «Guk aldarrikatzen genitian gauza berberak ez al zituztek, ba, orain ezker abertzaletik aldarrikatzen…!?».
Haren azken hitzak niretzat honako hauexek izan ziren emailez: « (…) Bestela ondo. Urteko juntaizoa lehen bezala, badakik. Segi bixkor. Besarkada. rufino iragar». “Juntaizoa” deitzen baitzion urtero Zaldibiako Illati tabernan Felix Ibargutxik, berak eta hiruok egiten genuen mondeju janari, lagunarte berritsu atseginean… Kukuak makur jo dio, baina, aurten adiskideari eta, gu agertuko garen arren, haren mira egingo dugu, beharrik eta damurik.
Itzali haiz begiotatik, ez bihotzotatik. Hago gure zain beti-betiko tokian.
Bizargorri, 2019-07-10