Nahi dugunik ez dugu eta ahal duguna beharko: hori esanik isilik dago eta bare, datorrena datorrela, gure gaztedia aspaldian. Mari Patxada, Migel Gibelandi, Luken Lanzuri, Oihane Nagiondo. Egonarri larregiko, askoren ustez. Ia denak beti mutu eta esaneko. Atso-agure jubilatuek soilik dihardute hemen oihu eta garrasi nabarmen samar beren eskubideen (eta ondorengoenen) alde. Non da garai bateko “bake-urruti” jendea? Non…!?
Eta badago oihu eta garrasi premia, geure botoekin gure gidari eta mandatari jartzen ditugun gizon-emakume askoren jokaerak ezagututa. Egunero telebista ikusi edota egunkaria irakurri besterik ez dago. (Klima aldaketa eta kutsadura; Espainian Gobernurik ez eta “mandoak” oporretan bapo; nonahiko migratzaileen drama; gosea, gerra, eria eta miseria…). Izan ere, ez dute adurrik: mingaina bakarrik eta bera alferrik. Izan ere, iturritik ura eta boteretik gaiztakeria. Izan ere, ez iduri arren, “mandoa” beti antzu… Eta gu ixo. Egoera tamalgarri honen erakusgarri, hona ipuin edo alegia bat.
Biarritzeko aireportuan gertatu berri izan behar du. Hegaldia noiz izango bidaiariak ontziratze-salan zain daudela, bat-batean iristen da kopilotua, uniforme dotorez, betaurreko beltzez eta makila zuri batez haztamuka dabilela.
Hegaldiaren konpainiako enplegatuak berehala jakinarazten die guztiei, baietz, itsua zela, bai; baina, hala ere, enpresako kopiloturik onenetan onena. Handik pixka batera, hara non agertzen den pilotua ere. Goitik behera txit txukun, uniforme dotorez, betaurreko beltzez hura ere eta bi azafatek lagundua, beso banatatik helduta. Ontziratze-salako arduradunak berehala jakinarazten die bidaiari guztiei, baietz, hura ere itsua zela noski; baina konpainiaren piloturik onena, dudarik gabe, eta, bi-biek osatzen zutela gidari-lagun-parerik abilena.
Hitz politak entzunagatik, begien bistakoa ikusi ondoren, goganbehartu dira gutxi asko bidaiariak. Batzuk, kaka baino ikaratuago; beste batzuk izerdi larri hotzak emanda; den-denak ere praka-betean estu… Maletak eta abarrak bere lekuan sartuak jadanik, abioia pista ertzean zain dagoeneko, salako ateak ireki eta, ilaran joanik, eseri dira bidaiariak bakoitza bere jarlekuan, eskuko poltsatxoak buru-gaineko zokotan utzita. Dena normal. Agur eztiak lau hizkuntzatan, bost ohar eta gerrikoak jartzeko. Dena doa normal-normal…
Behin abioiak pista muturra jo, jiratu eta motorrak indar betean zaratatsu ipini dituenean, ekin dio abioan bizi-bizi aurrera eta aurrera, geroz eta biziago. Abioan abioiak aurrera bai, baina artean gurpilak lurretik altxatzen ez! Ez dela hegazkina hegan hasten! Lehenaz gain, izutu dira zeharo bidaiariak. Ikusten baitute, gainera, pistaren azkena geroz eta hurbilago dutela…! Hartan, istant batean, sortzen da izu-zaparrada bidaiarien artean, sortzen da halakoxe histeria kolektiboa, non hasten diren denak oihuka, deabruak hartu izan balitu bezala. Halako moduan hasi ere garrasika, non hegazkina, lurra utzita, airean gooora abiatu den, agudo eta ondo…
Honainokoa munduak badaki, komunikabideetan erruz komentatu izan delako. Jendeak ez dakiena, ordea, da, abioia mirakuluz airean gora hegan hasi zenean, zer esan zion kopilotuak pilotuari muturreko mandoen kabinan:
—Bidaiariek oihu eta garrasi egiten ez duten egunean, kaka egingo gara!
Bizargorri, 2019-08-14