Ormaiztegi; XX. mendeko bigarren erdiaren hasiera… Gure haurtzaro aspaldiko hura, gaur egungo umeenarekin alderatuz, motzagoa izango zen baliabidez agian, eskasagoa; baina, batere dudarik gabe, askoz ere aberatsagoa ekimenez eta gozamenez. Erosi apenas egiten ziguten ia ezer, eta gure denbora pasarako esku bete jostailu bagenuen beti. Entretenigarriak lagunen artean, perretxikoak basoan nola?, halaxe sortzen zitzaizkigun. Gure jolasak…
Telleri Berri gure baserrira lagun batzuk jolas egitera biltzen ginenean (etxekoneko, lehengusu, Tellarteko, Andiko…), hamaika modutan moldatzen ginen: tabatara (pilota gora bota aldiro, tabari buelta emanez); kilker bila (kanta hotsa aditu, zuloa bilatu, zirika atera…); tiragomaz (ehiztari edo zernahi joka); kuriketan edo palloka (denak gorderik, bat bilaka, ikusia izan gabe ahal zuenak mandioko atea jo eta “pallo!”, libre); makila sartzen (zelaian biribil txiki batean ziri edo makila motza sartu batek eta hurrengoak berea sartu behar zuen, bestearena joaz beti ere eta, ahal izanik, boteaz); eta auskalo beste zertan…
Bagenituen han, ordea, erdi-ezkutuko hiru entretenimendu seinalagarri: fletxak, galbahea (galbaie) eta trenbidea. Fletxak ez pentsa, gero, nolanahikoak egiten genituenik. Arkua, zume potolo malgua; goma, lodi sendoa; fletxa bera, inoiz guardasolaren burdinez egina, baina, gehienetan, egur zuzena, muturrean iltzea zuela eta atzean oilo-lumak lotuak. A ze indarra zeukaten: enborretan zast! ziren sartzen; trenbideko zubiraino, 34 metrotan goooraino, iristen…! Neguan, elurra egiten zuenean (orain baino sarriago), etxe ondoko baratzean lurmena egiten genuen (elurra kendu) eta han galbahea jartzen makilatxo baten gainean, barrenean sagarrak eta abarrak utzita; makilatxoari soka lotu eta haren beste muturra guk ukuiluko leihotik menderatzen genuen; txori, zozo, birigarro edo edozein hegazti jatera sartzen zen orduko, guk tira egin eta azpian preso harrapatuta geratzen ziren; gero, lepoa bihurritu eta etxera harro… Trenbidea ez zegoen baserritik urruti eta zaleak ginen haruntza joaten; beti ere txanpon txapa merkeekin; tren hotsa sumatu orduko, karrilaren gainean ipintzen genituen, trenak trikili-trakulu-tra! zanpa eta zarta eta zabal zitzan. Hura gozamena…
Herrira jaitsita, berriz, auzo guzietako umeek asmatzen genituen jolasak ez zaizkit hemen kabitzen: futbola (ez ziren bost baloi herrian izango, baina); txapatan (Pitxar-Ardo aurrean, karretera erdian, klarionarekin marrak eginda); korrikatan (zeinek elizari jira gehiago eman); txorro-morro-piko-tallo-ke; kanikatan, kromotan, zibarekin; neskekin sokasaltoan, txingotan…. Jaietan saloiko zine saioaren ondoren, indio eta bakerotara jolasten ginen, ikusiak imitatuz, batzuetan krudel xamar. Pilotan. Berriak erosteko modurik ez, eta egin behar izaten ziren (katu-heste bola hariz eta artilez bildu, larruz estali, josi eta listo) eliz-atarian edo bañu-etxeko frontoian kanporaketan, afueras, ibiltzeko (nahi beste lagun, nork huts egin, hura kanpora). “Pote-bule”. Hala deitzen genion ezkutaketa jolasari: herriko plazan, Izuzkitza aurrean, pote bat lurrean ipini, ostikoz jo eta bota, gainerako neska-mutilak gordetzera ihesi; txandakoak potea jaso eta jendea topatu behar zuen; potea ostikoz jotzen zuena, libre…
Okerrik egingo/esango nuen, akaso, gure haurtzaroko oroitzapenen sei orriotan; baina, alafede, ez dut ezer asmatu, ez dut gezurrik esan. Gogoangarria zinez gure Ormaiztegin solasean jolasean bizi izan genuen zorioneko aldi hura. Gure onena heltzear zegoelakoan geunden, onena bizitzen ari ginen denboran.
Bizargorri, 2020-05-20