C19a | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

C19a

Orain ehun bat urte (1918an) gertatu zen inguruotan “gripe” epidemia latza eta orduko agintariek honela zuten aholkatzen: hitz edota eztul egitean sortutako txistu-tantek kutsatzen dute lehendik gaixorik edo makaltxo zegoena; beraz, ez ibili jendartean, ezta toki itxietan ere; eskuak ondo maiz garbitu; eta, beti ere, adituen esanei kasu egin, ez ahotzar berritsu illuminati-ei… Ez dira asko mudatu baldintzak ehun urte geroago jasaten ari garen C19 pandemia latz honetan. Beraz, baldin 2112 edo 2121ean gertatuko balitz kalamidade halakoren bat, orduko euskaldunek jakin dezaten, hona hemen bi hilabetetako itxialdiaren ondoren nik ikasi (uste) ditudan ondorioak, Maryland-go Unibertsitatea lagun.

Bat. Birusak ez du udaran bere eragina galduko. Uda dute Brasilen eta Argentinan; hala ere, abioan ari zaie gaitza hedatzen. Bi. Eskuak sarritan ongi garbitzeak eta urkoa bi metrora mantentzeak babestuko gaitu gehien. Hiru. C19 birus hau ez da airez kutsatzen, ixuriez baizik; derrigorra da kontaktu hurbila. Airea garbia da eta lasai ederrean ibil zaitezke parke, mendi eta hondartzetan.

Lau. Eskularru edo guanteak eramatea ideia okerra izan liteke: birusa menturaz bertan metatuko balitz, berehala kutsatuko gintuzke eskua aurpegira eramanenean. Bost. Erosketa poltsek, dendetako orgatxoek, gas bonbonek edota kutxa automatikoek ez dute kutsadura eragiten. Eskuak garbi, distantzia argi…, eta pozean bizi. Sei. C19a zure oinetakoetan erantsita kaletik ekartzearen aukera (eta horregatik gaixotzearena), tximistak egun berean norbera bi aldiz jotzearen pareko da; dakienak ondotxo baitaki, txistu-tantekiko kutsadurak ez direla modu horretan hedatzen. Zazpi. Eta behin etxean garelarik, ez dago presaka ibili beharrik arropak aldatu eta dutxatzeko. Higienea bertutea da, ez paranoia.

Zortzi. Zorioneko (barka, zoritxarreko) C19 birus malapartatu honekin hilabetetan bizi beharko dugu oraindik. Ez dezagun uka; baina, ez izuan buka. Ez ditzagun gure biziak alferrikakoak bihurtu, birusari begira betiro. Ikas dezagun kalamidade malapartatu honekin, bai, bizitzen; baina, zoriontsu. Bederatzi. Pertsona adintsu batek egunero ordu oro desastrea eta apokalipsia besterik entzuten ez badu, akabo, harenak egin du: estresak eta antsietateak akabatuko egingo dute. Kasurik ez zorigaitzen berritsu aho-bero iluminatuei.

Eta hamar. WhatsAppez eta bideoz eta teleberriz kokoteraino eginda gauden honetan, jakin badakigu dagoeneko aski. Orain behar ditugun zerak honako hiruok dira: ardura, zuhurtzia eta… suerte pixka bat! Eta, jakina, txertoa eta botikak. Ea Sandresetarako. Bien bitartean, EHUko Gorka Oribe lagun, joka dezagun arduraz, ze: “infekzio berrien arriskua dago: sua ez da itzali, lurrak lehorrik daude eta haizea dabil”.

Aurreko batean, artzain batek, Irungo gain-gainetan zebilela, Izurri ikusi zuen Aiako Harrian. Zain txarrak jo zuen eta: «Nora zoaz?» galdetu zion. «Hirira», besteak. «Zenbat pertsona hil behar dituzu oraingoan?», artzainak hurrena. Eta: «Ez asko ere; ehun bat»… Handik bi hilabete eta erdira berriro aurrez aurre ziren biak mendian. Artzainak, bazekien hirian milatik gora lagun zendu berri zirela, eta esan zion haserre: «Ehun bat, hortaz, e!? Baita mila ere, zera!». Izurri ez zen asaldatu eta astitsu mintzatu zitzaion ohart osoz: «Egon zaitezke jakinaren gainean: nik ehun hil ditut; gainerakoak izu-izu eginik edo arduragabekeriaz hil dira. Eurak ipini direlako euren etsai».

Bizargorri, 2020-05-27

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2020
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031