Hamaikatxo ateraldi edo esaera zelebre bada ohar isiletan jasoa eta gordea, norberari behin ikusitakoan gustatu eta inori sekula adieraziko ez zaiona. Neuk baditut makina bat han-hemengo paper zaharretan galduak. Zeuk ere, seguruenera, izango dituzu beste mordoxka bat… Gogo beroan apuntatzen ditugu zirri-zarra, gerora lotsa hotzean hiltzeko karpeta zaharretan mutu. Gaur batzuei behintzat bultz-eragingo diet, plazara ager daitezen behingoagatik. Ez dira onenak, ez txarrenak; iritzira hautatuak, baizik, inoiz nire gustuko izanak.
- Sexua naturaren parte da. Ni primeran moldatzen naiz naturarekin.
- Duda daukat: alperrok zerura joan goaz ala bila etortzen zaizkigu?
- Begirik zoliena izanda ere, egundo ez dugu geure bizkarra ikusiko.
- Teknologiaren ironia, horra: urrutieneko pertsonengana hurbiltzen gaitu eta hurbilenekoengandik urrutiratzen. Teknologiaren azioa.
- Munduan beti izango da jendea “zarena zarelako” maite zaituenik; baita, arrazoi berberarengatik, gorrotatuko zaituenik ere.
- “Eltxo maitea: ni banoa orain lotara eta mesedetxo bat nahi nizuke eskatu. Zergatik ez didazu, odola beharrean, gantza xurgatzen? Mesedez…!
- Osasuna ez da dena; baina, hori gabe, beste guztia deus ez da.
- Onak zaratarik ez du; zaratak, onik ez.
- Amodioa kimika da; ezkontza, fisika; eta dibortzioa, matematika.
- Hiru eratara egin litezke gauzak: ondo, txarki eta nire erara.
- Bizitzaz nintzen enamoratu ziplo: bera delako bakar-bakarra utziko ez nauena, neuk bera abandona dezadan baino lehen.
- Euskaldunok jende gisa atsegin gaituzte Madrilen; ez euskaldun gisa.
- Artile beltzak ere, zuriak bezalaxe, berdin babesten gaitu hotzetik.
- Gure aitona oso gizon ausarta zen; ergel-tuntunen beldur zen soil-soilik. Behin galdetu nion ea zergatik, eta: «Asko direlako –erantzun zidan–; gainera, gehiengoa direnez, Lehendakaria ere eurek dute hautatzen».
- Edo arantzak maitatzen ikasten duzu, edo arrosarik ez hartu.
- “Pobrea naiz, baina ondradua”. “Ezbeharrak ez datozela bakarka”.
- Zezenak kultura baldin badira, kanibalismoa gastronomia da noski.
- Alkoholak ez ditu arazoak konpontzen, ez; esneak ere ez, ordea.
- Oporren presta-lanetatik deskantsatzeko hartzen ditugu oporrak.
- Hain ondo mintzatu zaizkit zutaz, ze pentsatu izan dut hila zinela.
- Ez nago batere ziur Jaun Goikorik badenentz; baina, ziur nago, ziur, Hura ez dela nire dudagatik kezkatan egongo batere.
- Beleari ere eder bere boza… Eta sukaldari bakoitzari bere arroza.
- Luzaroan pentsatu izan dut bizitzan bakarrik geratzea dela gauzarik okerrena. Eta ez. Okerrenik okerrena hau da: bakarrik zaudela sentiarazten dizun norbaitekin bizitzen amaitzea.
- Ikastolan ikasitako guztia ahanzten zaizunean geratzen den zera hori da, hain zuzen ere, zorioneko heziketa.
- Tentazio batetik urruntzen iheska, hurrengoan erori ohi gara saiheska
- Septies in die cadit iustus. Egunean zazpitan jausten da zuzenena ere.
- Bi erbiren atzetik dabilen zakurrak biak galdu baietz!
- Aldatzerik ez dagoenarekin bakean bizitzearen artea da heldutasuna.
Bizargorri, 2020-06-17