Egunotan hitzetik hortzera dabil gaia: zein ote den (edo beharko lukeen) euskaldunon zin-zinezko ereserkia. Eta, euskaldunok beti bi eta ezbaiak hiru, piztu da berriro gure artean auzia, matraka beroa, egundoko ika-mika. Gaur hamabost, abuztuaren 12an, euskal musikari ezagun zenbaitek Iparragirre urretxuarraren «Gernikako Arbola» kanta zahar bezain ospetsua seinalatu eta bultzatu zuten, euskaldunen ereserkitzat izenda zedin aurrerantzeann. Eta, espero bezala, sortu da eztabaida galanta; eta gure artean, ohikoa denez, ekin diogu elkarri mokoka, oilarrak eta oiloek oilategian nola. Batzuk iritsi, besteek iritzi, eta deabruak irrintzi.
Zein inozentek nahi ditu oraindik ere gure artean bakezkoak, berez gara gu (euskaldunok) bake-urruti eta!? Ezin izan gera sekula batera etorri eta…!? Ez nago ni historialari aditua egina, baina gutxi-asko iritsi zaizkit niri ere gure arbasoen aspaldi zaharreko harreman tristeak, elkarren arteko borroka luze latzak. Erdi Aroan hasita, Oñaztarrak eta Ganboarrak hemen, elkarren erasoan, bortxan eta erreketan; Agramondarrak eta Beaumondarrak Nafarroan (Iñigo Loiolakoa eta Frantzisko Xabierkoa tarteko), norbere egia erabatekoaren jaun eta jabe beti; karlista eta liberalen arteko haserrezko garaiak hurrena; gorriak eta nazionalak, hurrenago; borroka armatuarenak, atzo bertan; alderdien arteko zaunkak eta hozkadak, oraintxe bertan… Gurean, karobi-hondoa, beti bero.
Historia da hori. Eta istorioetan ere, igualtsu. Aditu. «Galdetuko baliote: “Oñaztarra ala Ganboarra zara, Antton? Zer zara…?”. “Ni, gose”, erantzungo luke Anttonek». «Nork bere puzkerrari “Don Fernando”; eta bestearenari “kaka-mokordo». «Besteren umeek, hatsa kirats». «Hiru lagun eta hiru afari: ez diote nahi asko elkarri». «Malo, malo; lau lagun eta hiru talo»… Ezin garela batera etorri, ezin dugula bat egin, eta kito. Hainbesterainoxe da hori egia, atzo bertan adiskide batek kontatzen zidan, duela berrogeitaka urte Madrilen ari zelarik estudiatzen, pisu berean hamahiru euskaldun omen zeuden eta (aditu ondo!) hamalau partidutako jendea omen zen! (Joan eta harrapa ezak/n hori!).
Ari ginenera atzera itzuliz («Gernikako Arbola» euskal ereserki nagusi aldarrikatzearen kontura, alegia), marmarrak eta maiseoak alde batera utzita, aitor dezadan, hasteko, ni alde naukala proposamenak. Arrazoiak beti badira hala zuria nola beltza ere defendatzeko, hala ezkerra nola eskuina nahi izateko. Baina kanta zahar honen kasuan, hiru arrazoi behintzat argi agertzen zaizkit niri, haren aldera egiteko. Noan banan-bana. Bat. Azken boladan askorik entzun ez badugu ere, oraindainokoan sortu zenetik Euskal Herriko bazter guztietan atsegin kuttunez entzuna izan da, haur, gazte eta zaharren artean. (Ahaztekoa ez da Iruñean Julian Gaiarre tenorra, plaza bete jendez, kantari). Bi. Erlijio kutsu gehiegizkoa aipatzen dutenei (eta badu), esango nieke musikari bultzatzaileek hiru puntu zituztela markatzen: orain arteko beste ereserkiak errespetatzea, Euskal Herri osorako izatea, eta (erne!) ereserkian lehen bertsoa soilik baliatzea. Ados nago erabat, hor datozen “santua” (dohatsua) eta “bedeinkatua” (laudatua) baliokoak direlako mundu berri moderno laikoenean ere. Eta hiru, musika dagoen dagoenean utzi bai baina letra berria aldarrikatzen dutenei, esango nieke horrek ez lukeela berez betirako soluziorik ekarriko: zer?, belaunaldi bakoitzean, kantaldi berria, ala…!?. Beraz, bada… Letra eta doinu, «Gernikako Arbola» bapo zagok/n, hi!
Bizargorri, 2020-08-26