Hirurogeita sei urte bete eta jubilatu berri, etxean etxekoak, auzoan auzotarrak eta txokoan lagunak esan eta esan ari zitzaizkion Pellori medikutara joateko; poxpoloek baino buru gutxiago zeukala, gaitzei aurrea hartu behar zitzaiela, urteek ez dutela barkatzen, urtean behin sikiera burutik oinetarainoko azterketa bat bederen egin beharra zegoela… Osasunez ondo sentitzen zela, erantzun ohi zien denei berak, baina alferrik: joateko eta joateko medikutara, damutu baino lehen.
Hala, joan da etxeko medikuagana. Artean ezagutzen ere ez zuen. Hark odol, pixa, bihotz eta arnas analisiak egitera bidali zuen. Handik hamabost bat egunera, buelta… Medikuak, emaitzak aztertu ondoren, nahiko ondo zegoela esan zion, baina bazituela zeratxo batzuk zaindu eta oneratu beharrekoak. Eta Atorvastatina pilulak agindu zizkion kolesterolarentzat, Losartan bihotz eta tentsioarentzat; Metformina diabetesari begira, Polibitaminikoa defentsak indartze arren, Norvastatina odol presioa gorago ez zedin eta Desloratadina alergiarentzat. Badaezpada. Gainera, botika asko xamar zela derrepente hartzen hasteko, eta komeni zitzaiola Pellori Omeprazol hartzea urdailaren babesgarri, baita Diuretikoa ere edementzako… Gehiegik ez du akaberarik.
Denbora joanean, alergiarentzako pilula berdeak sabelerako kapsulak baino lehen ala ondoren hartu behar ote zituen oroitu ezinik, eta bihotzerako horiak jan aurretik ala ondoren hartzekoak ote ziren dudatan, joan zaio berriro medikuari kontsultan. Medikuak, botiken zerrenda osoa paperean ipini eta asteko zazpi egunetako kaxa txiki bat eros zezala gomendatu ondoren, urduri sumatzen zuela-eta, Alprazolam hartzeko agindu zion; eta Sucedal, lotarako.
Hala eta guztiz ere, hobeto beharrean, geroz eta okerrago nabaritzen zuen bere burua Pellok. Salako armarioan bistan eta eskura zeukan beti ere bere “zazpi egunetako kaxa”, hartu beharreko botikaz bete-bete eginik. Apenas zen gizajoa etxetik irteten. Nola bada, une oro bazuen-eta pilularen bat hartzeko!? Hala behin, hozturik izango zen sobra ere eta emazteak ohera bideratu zuen; eta, betiko limoi, kanela, kamamila eta eztia prestatu ondoren, medikuari hots egin zion oraingoan. Medikuak, berriz, hura ez zela ezer, baina, badaezpada, Tabsin hartzeko agindu zion gau eta egun, baita Sanigrip ere Efedrinarekin. Nonbait, takikardiaren bat ere izan omen zuenez, Atenolol hartzeko, antibiotiko batekin; baita hamar egunez Amoxicilina gramo 1 ere 12 orduro. Herpesa ere ikusi zion, agidanean, ukondoetan eta hartzeko Zovirax.
Denak aurrean harturik behin, Pello hasi da botiken orri argigarriak irakurtzen poliki-poliki eta erabat izutu zen gure gizona, loa ere galtzeraino: arritmien arriskua, paralisia, kolikoak, buru nahasmenduak, giltzurrinetako trabak, heriotza… Zer ez zezaketen agian eragin botika madarikatu haiek, zer ez, ene Maria Santisima…!? Izugarria zen gaitz posibleen zerrenda azkengabea. Medikuari hots egin zion, larri. Honek, egoteko lasai, laborategien esajerazioa besterik ez zela; hartzeko Ritrovil antidepresiboa, baita Sertralina 100 gr. ere…
Garai hartan, jubilazio-soldata kobratzen zuen aldiro, botikara joaten zen Pello zuzen-zuzen. Harik eta, egun batean, eiho-eiho eginda, hil zen arte gajoa… Hiletetara denak joan ziren, baina botikariak egiten zuen negar gehien. Zergatik ote…? Auzo, lagun eta etxekoen artean, berriz, bazen zera uste zuenik: alegia, eskerrak haien esanera Pello medikutan hasi zen, bestela aspaldi zegoela hilik.
Bizargorri, 2021-05-19