LOREEN SUPERILARGIA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LOREEN SUPERILARGIA

Gaur arratsean egundoko ilargiak argituko du gure zerua; parean laino lodi madarikaturik tokatzen ez bazaigu, behintzat. “Loreen superilargi” deitu diote metereologoek. Loreena, udaberri bete-betekoa dugulako; eta superilargi, berriz, sateliteari lurretik inoiz baino hurbilago egoteko unea ilbetearekin egokituko zaiolako. Planeta osoan ikusi ahal izango omen da. Zorioneko gaude, hortaz; zorioneko gaudenez. Zer dago ederragorik, izan ere, gauez ilargi bete-beteari begira egotea baino? Nik neuk ume-umetatik dut gogoan: baserriko sukaldeko leihotik liluraturik egon ohi nintzaion begira-begira… Baita gaur ere.

Halere, egunak gaua dakarren bezala eta ilbeteak ilbehera, gaurko ilargi bete handiak ere badakar, agidanean, oker makurrik ere munduaren besteko aldean: nonbait, adituek diotenez, ilargi eklipse oso-oso bat izango da, Asiako ekialdetik, Australiatik eta Amerikatik bistaratu ahalko dena. Ezin esango dugu hori ere ikustekoa izango ez denik, noski; baina nik nahiago beti ere talo hori dizdizari oso-osoa, bi begiekin plazerean jateko, eta ez ertz mehe zirtzil-jarioa…

Eta gaur gauerako hori guztia nirekin hausnarrean neramala, ilargi betea sekula baino ere gertuagotik ikusteko, ederresteko, gozatzeko prest nengoela, hara non etortzen zaidan derrepente gogora antzinako ipuin ahantzi bat, gure amona Anajoxepa zeraindarrak kontatzen ziguna eta Xabier Azurmendik bere «Atzoko Zegama» liburu zoragarrian dakarrena. Eta ezin, bada, alde batera utzi inola demontre, zer arraio gero…! Beraz, gaur ilunabarrean edota ilundu eta gero agertuko omen zaigun superilargi horri begira zaudela, nik bezala zuk ere, gogoan izan ezazu “Ilargiaren haserrea” izeneko ipuina, kristaukeria guztiak baino ere lehenagokoa, oso aspaldi zaharrekoa. (Ipuina Goierriko euskaran dakar Xabierrek, jasota bezalaxe. Nik eguneratua emango dizut; euskara batua ere balioko eta beharrezko baita batzuetan. Originala nahi…? Badakizu nora jo).

Behin baserritar bat, ote-sorta bizkarrean zuela, gauean oso berandu etxera zetorren. Bidea ilun-ilun zegoen, eta begira zetorkion zotzik ere ez zuen ikusten… Halako batean, ilargia azaldu zen zeruan eta dena argitan jarri zen.

Hartan, baserritarra etxera ailegatu zen. Ilargiari hala esan omen zion:

—Joan hadi orain zakurraren ipurdira! Ez diat hire beharrik.

Ilargia haserretu egin zen. Baserritarrarengana jaitsi eta, kastiguz, hartu eta berarekin eraman zuen.

Geroztik, ilargian ikusten diren beltzuneak, zer ote?, eta baserritar esker gaiztoko hura eta haren ote-sorta omen dira.

***

“Ilargia azaldu zen zerutik eta dena argitan jarri zen”. Horixe da guri gertatu zaiguna aurreko asteko 20an, maiatzean, loreen hilabetean. Lore guztien artean lorerik zoragarriena sortu zaigu etxean, Londresen: Julen Sebastian Banks Mendizabal. Argi egin diezaiola bere bidean gaurko Loreen Superilargi honek urte askoan. Hark ere, baldinbaitere, izanen ditu ilbeherak eta ilgorak, ilargi berri eta beteen artean. Baina zorionetan ikus ahal dezala Zeraingo gure baserritarraren eta haren ote-sortaren beltzunea ilargi betean. Noiz arte? XXII. mendeko 22. urteko maiatzaren 22an Loreen Ilbetea izango den arte, gutxinez! Muxu bero bana utziko diogu gaurko superilargian hemengo aitona-amonok, sekretutzat, oteen beltzunez at, bihotz-txulotik beretzat: «Paa…, Xebaxentzat!!».

Bizargorri, 2021-05-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2021
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31