Ibaiaren erdi aldean urak sakonagoak eta korronteak biziagoak zeuden. Ezin, bada, gelditu…! Bere burua zapla bota zuen putzura, igerika egin nahian. Ez alferrik! Arropak eta armak astunegiak eramaki zituen soinean. Halere, igerian batzuetan, korrontea lagun besteetan, saiatu zen eginahalka; harik eta indarrak ahituta, uretan barrena galdu zen arte… Handik gutxira agertu zen ur azalean berriro; baina, batere indarrik gabe jada, geldo eta zurrun, hondoratu zen arte erabat. Ur azalean, haren seinale bakar, kapelua geratu zen zealdoka. Harexek egin zuen zera: “Amen, itsasora fan eta kapen!”. Baita ito eta kito ere.
Agudo asko heldu zioten zakurrek haginka, zaunkaka, xehe-xehe eginik utzi zuten arte. Urpera murgil ere egin zuten behin eta berriz harrapakin mamitsuagoren bila, beren hortzen gozagarri. Morroiek, berriz, kapeluaren azpian jabeak derrigor egon behar zuela-eta, itsu-itsuka jotzen zuten ezpataz urpeetara amorru bizian, zera esanez: “Amen, hi hor eta gu hemen!”. Eskerrak kapeluaren nagusia ubide sakon samarrean galdua zen, ze bestela Bidasoaren urak haren zainetako odolez gorri-gorri jarriko baitzituen, jasotako hozkadez eta ezpada kolpez.
Bien bitartean, Urtubiako jaunak, oihuka aginduagatik Soroetakoaren txalupako mutilak itxoin nahi izan ez ziolako bere harrokerian mindua, zuzenik jo zuen hondoa jotako sabakora. Behin han, Urostiko Juanes bere herrikideari, sekulakoak eta bi esan ondoren, egundoko ezpata-ukaldi eta zaztakoak eman zizkion. Txaluparen zoruan xehatuta, hebainduta, ezertarako ez zela utzi zuen gizajoa. Aski min eraginda, Soroetako jaunaren kapelua ezpata baten puntan harturik, hondarretik putzura saltoka-saltoka, atzera Frantziako partera itzuli ziren morroiak eta zakurrak. Zauriz jositako Juanes Hendaiako bere etxera eraman zuten. Bidasoaren bokaleko borroka toki hartan bi lagun geratu ziren soilik: Soroetako Juan jauna urpean galdua eta frailea belauniko, besoak zabalik zerura begira erruki eske. Kaioek beheiti egin zuten berriro airean jira-bueltaka.
Bien bitartean, Hondarribiko murruetako zentinelak, San Felipe garitatik dena ikusi baitzuen, parte eman eta hainbat marinel atera ziren, alkatearekin eta idazkariarekin batera, Soroetako jaunaren gorpuaren bila. Ez zuten deus lortu. Ezta hurrengo egunean, 27an, ere. Hurrenagokoan bai horratik: sareak zabaldurik, azkenean nolabait atera zuten zorigaiztoko gizasemea urpeetatik.
Txanpon espainiar eta frantsesetan hirurogeita zortzi erreal zilarrezko zeramatzan soinean, bi urrezko eraztun beren harribitxi eta guzti; baita Ama Birjinaren liburuxka bat ere… Ordurako gaua izaki, eta halako jauntxo batek, eliza eta baseliza eta lur mordoen jabe zenak, primerako hileta elizkizunak ondo merezi zituela-eta, meza kantatua eta guzti, baldinbetan, Juanes Arellano jaunari entregatu zioten gorpua, hark etxean gau osoan ohorezki zaindu zezan.
Baionak zenduaren gorpua erreklamatu zuen, jakina. Baina, Bidasoaren honunzko aldean agertu omen zela hildakoa eta Hondarribiak ez zuen entregatu. Biharamunean, arrandia handiz eta ospe hotsez kantatu zen meza San Pedroren kaperan, elizan bertan hilobiratzen zutelarik Soroetako Juan zena.
Auskalo zeintzu izanketu ziren garai hartan Urtubia eta Soroetako etxe handi biren arteko gatazken arrazoiak eta azpiko saltsa zikinak. Auskalo. Baina ezin izango ziren nolanahikoak, baldinbetan, hemen kontatzen den historia egia egiazkoa bere horretantxe gertatu izateko. “Gorrotoa lege” esan zuenak bazekien noski euskaldunon arteko borrokez eta elkar ezin eramanez. Tamalez.
Bizargorri, 2021-07-14