Guztiz bat nator Krugman eta beste zenbait ekonomialarirekin esaten dutenean Alemania Europako Batasunean bultzatzen ari den politika ekonomiko murriztailea eta austeritatea, krisitik ateratzeko lagungarri izan ordez, oztopo bat direla. Alde horretatik, Mediterraneoko herrialdeak elkartu eta aliatuak bilatzen ahalegindu beharko lirateke, Europako Batasunean nagusitu den politika ekonomikoaren norabidea aldatzeko.
Dena den, hori aldatzen ez den bitartean, moneta propiorik ez duen eta guztiz zorpeturik dagoen herri batek ez du maniobra marjinarik, bere aldetik aurrekontu politika hedagarria aplikatzeko. Alde horretatik, Espainiako aurrekontu politikan –eta neurri handi batean, Euskal Autonomi Elkartekoan– austeritatea saihestezinezkoa da.
Beste gauza bat da austeritate hori nola gauzatzen den. Horri dagokionez, nire irudiz, erabakiak hartzeko tenorean, bi xede nagusi eduki beharko genuke gogoan: lehen-lehenik, kaltetuen suertatu diren giza taldeak egoera pairaezinetan ez uztea; eta, bigarrenik, gure lehiakortasuna hobetzea. Lehenengo xedea arrazoi etikoengatik hartu beharko litzateke nagusiki, baina baita ere elkartasuna lehiakortasunerako guztiz lagungarri eta mesedegarria delako. Bigarren xedearen zergatia begi-bistakoa da. Hurrengo urteetan barne eskaria guztiz geldituta egongo da Espainian eta, horrenbestez, hazkunde ekonomikoa eta enplegua suspertzeko bide bakarra daukagu: gure lehiakortasunaren hobekuntzetan oinarrituta esportazioak handitzea. Esan beharrik ez, neurririk desiragarrienak bi xede horiei batera erantzutea ahalbidetzen dutenak dira.
Bi xede edo ikuspuntu horiek (soziala eta ekonomikoa) konbinatzen diren esparruetariko bat hezkuntza gastua da. Bai pentsioetan eta bai hezkuntzan egiten den gastu publikoa gastu soziala kontsideratu ohi da. Baina lehiakortasunaren aldetik, batetik eta bestetik jalgitzen diren ondorioak oso bestelakoak dira. Pentsioen igoerak ez du lehiakortasuna zuzenki handitzen eta, hortaz, ez du orain bizi dugun ekonomi geldialdia gainditzea ahalbidetzen. Hezkuntzako gastuak, ostera, Espainiako ekonomiak lehiakortasuna ahultzen duen faktore funtsezko bati aurre egiten laguntzen du: lan-eskuaren kualifikazio kaskarra, etxegintzaren booma zela bide areagotu egin zena. Alde horretatik, ez dirudi oso taxuzkoa denik Estatuaren aurrekontu orokorren proiektuan proposatu den pentsio guztietarako %1eko igoera, aldi berean hezkuntza gastuan murrizketak planteatzen ari direnean.
Dena den, hezkuntza alorrean egoera oso ezberdina da maila batetik bestera. Horregatik, blog honek dituen espazio-mugak direla eta, nire gogoeta unibertsitatera mugatuko da soil-soilik, eta batik bat hirugarren hezkuntzan gizarteak egin duen gastura. Aghion eta bestek (2008) nabarmendu dutenez, gastu hori ezinbestekoa da herri batek biztanleko errenta altua eta lehiakortasuna lortuko baditu.
Horri gagozkiola, oraindik orain OCDEk argitaratutako Education at a glance 2012 txostenak datu txit interesgarriak ─eta seguru asko zenbait irakurlerentzat ustekabekoak ere─ eskaintzen ditu. Aipatutako txostenean agerian gelditzen da Estatu Batuek Europako Batasunak baino hezkuntza-gastu aski handiagoa egiten dutela; eta, ezbairik ez, horri zor zaio hein handi batean haiek berritzeko ahalmenean ere erakusten duten nagusitasuna. Orobat, zenbaitek uste dutenaren kontra, Espainiako hirugarren mailako hezkuntza-gastua Europako Batasunaren batez bestekoaren parekoa da (apur bat handiagoa ikasleko; eta apur bat txikiagoa BPGren ehunekotan). Areago, irakasle bakoitzeko dagoen ikasle kopurua nabariki apalagoa da Espainian Europako Batasunaren eta OECDren batez bestekoan (eta are Estatu Batuetan) baino; eta, teorian, horrek irakaskuntza pertsonalizatuagoa eta kalitate handiagokoa ahalbidetu litzake. Txostenak erakusten duenez, Espainian 1995ez geroztik ikasleko gastu publikoak izan duen berealdiko hazkundeari zor zaio oraingo egoera hori. Eustatek argitaratuak dituen azken Hezkuntzaren Kontuetatik ondoriozta daitekeenez, Euskal Autonomi Erkidegoko egoera eta Espainiakoa nahiko antzekoak dira alor honetan: ikasleko hirugarren mailako hezkuntzako gastua apur bat handiagoa da EAEn Espainian baino, baina gastu hori ikasleko adierazi ordez BPGren aldean adierazten badugu, EAE Espainiaren atzetik gelditzen zaigu.
Koadroa: Hirugarren mailako hezkuntzaren zenbait adierazle
Erdi beteta dauden botilekin gertatzen den legez, aurreko datuak bi modutara irakur litezke. Alde batetik, EAEk, Espainiak eta Europako Batasunak Estatu Batuen ildotik hezkuntza gastuan eta berrikuntzan aurrera egin beharko luketela esan lezake batek. Baina, beste aldetik, hainbeste urtez hezkuntzako gastua horren erritmo biziz handitzen egon ondoren, hazkunde hori aldi labur batean eten egin eta atseden pixka bat har litekeela esan lezake beste batek (areago egungo egoeran gastu publikoan egin beharreko gutxitzeak ezinbestekoak direnean eta, honetan gutxitzen ez bada, agian larriagoak diren beste zenbait kontu-sailetan murrizketak egin beharko direlako).
Bi ikuspegi kontrajarri horien aurrean bataren edo bestearen alde egin aurretik, beste gauza bat eduki beharko genuke kontuan. Izan ere, kontua ez da zenbat ari den gastatzen bakarrik; nola ari den gastatzen ere axolazkoa da. Horrela, hezkuntza gastua modu ez eraginkorrean xahutzen egongo balitz, eraginkortasun hori handitzean eta zarrastelkeriak gutxitzean ipini beharko litzateke lehentasuna, eta ez horrenbeste gastu hori handitzean.
Espainiako unibertsitatearen eraginkortasunaz dauden analisien emaitzak arrunt kezkagarriak dira alde horretatik. Egia da irakasleko ikasle kopurua nahiko ona dela, baina kopuru hori bi muturreko egoera ez-desiragarrien fruitua da: bateko, zenbait ikasketa eta zentrotan ikasgelak masifikatuak daude; baina, besteko, beste zenbaitetan, ikasle kopurua urriegia da (eta haietan dauden gehiegiko irakaste-kapazitateak ez dira denborarekin doituz joan, baizik eta betikotuz). Era berean, unibertsitateko irakasleen batez besteko soldata apalegia bada ere, batez besteko horrek bi egoera zeharo ezberdinak ezkutatzen ditu: alde batetik, bere irakaste, ikertze eta gizartearekiko engaiatzea egokiro betetzen dutenak eta, horren truke, beharko luketen saria jasotzen ez dutenak; eta, beste aldetik, horretarako kobratu arren, inongo ikerketarik egin ez duen irakasle ehuneko arras handia (edota eskolak zabarkeriaz ematen dituztenak). Ez eraginkortasunaren seinalea da, halaber, unibertsitate-ikasketak bertan behera laga egiten duen ikasle kopuru handia, edota aurreikusitako urteetan bukatzen ez dutenena. Eta era horretako beste hainbat eraginkortasun adierazle aipa litezke, Espainian hirugarren mailako hezkuntzako gastuan zer hobetu galanta dagoela agerian jartzen dizkigutenak.
Nola hobetu, ordea, unibertsitateen eraginkortasuna? Aurrera dezagun erantzuna, blog honetan hurrengo batean egingo dugun beste ekarpen batean xehekiago azalduko duguna: unibertsitateei autonomia gehiago ematen. Jende askok uste duenaren kontra, kontrol eta eraginkortasun eza ez da konpontzen gobernuen arauketak zorrozten edo handitzen. Nazioarteko esperientziak erakusten digunez, hobekien funtzionatzen duten unibertsitateek autonomia handiagoa izan ohi dute. Hori bai, unibertsitateen autonomia eta autogobernua ez dira berdinak. Autonomia handiago horrek batera joan behar du unibertsitatearen erantzukizun handiago eta kontu emate zorrotzagoarekin, halako moduz non unibertsitatearen gobernu-organoetan gizartearen interesek parte-hartze handiago eduki behar duten. Era berean, beste egun baterako uzten dugu hezkuntzako gastu handiago hori nola finantzatu beharko litzatekeen agertzea. Nolanahi ere, aurrera dezagun gure jarrera: jende anitzek uste duenaren kontra, Ongizatearen Estatua indartzeko eta sistemaren aurrerakortasun eta eraginkortasunean aurrera egiteko unibertsitate tasek ez dute doanekoak eta oso apalak izan behar, baizik eta unibertsitate tasetan hezkuntzako kostu errealak orain baino neurri handiagoan islatu beharko lirateke. Hori bai, tasa handiago horiekin batera ikasleentzako beka eta laguntza sistema bat garatu beharko litzateke, oraingoa baino askoz hornituago eta bidezkoagoa, ikasleen egiazko errenta maila eta hezkuntza emaitzak kontuan hartzen dituena.