Ezberdintasunak handitzen ari dira Espainian (ikus, adibidez, Barómetro social de España hemen klik eginez) eta gero eta handiagoa da txirotasun arriskuan dagoen biztanleriaren ehunekoa (ikus INEk aurreko astean argitaratuko bizi-baldintzen inkestaren emaitzak hemen klik eginez). Egoera horren larria eta okerragotzea hain bortitza ez izan arren, Euskal Autonomi Erkidegoaz iturri horiek ematen duten imajina ere ez da gogobetegarria. [Tamalez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Eustatek horri buruz argitaratutako datuak nahiko zaharrak dira; klik egin hemen eta hemen]. Ezberdintasunen eta txirotasunaren handiagotze hori ez da bidezkoa etikazko ikuspegi batetik, ezta egokia ere ekonomi lehiakortasunaren aldetik. Berdintasunaren aldeko politikak behar ditugu eta ongizatearen estatua defenditu beharra dago. Gakoa da, ordea, zer ulertu ohi den berdintasunaz: denok aukera berdinak izatea edo denok errenta berdina izatea? Edo zer ulertzen den ongizatearen estatuaz: soziala izendatzen den gastu guztia erabat doako izatea? Areago, bi xede horiek ezin daitezke erabaki helburu ekonomikoak aintzat hartu gabe. Eraginkortasun ekonomikorik ez balego, ongizatearen estatua bera kolokan egongo litzateke, hura finantzatzea ezinezko gertatuko litzatekeelako.
Xede hauek guztiak (estatuaren ongizatea, berdintasuna eta eraginkortasuna) biziki ongi harilkatzen dira unibertsitateko tasen igoerari buruzko eztabaidan. Gaur eguneko aurrekontu murrizketetan gobernu zentralaren aldetik unibertsitate tasak igotzearen aldeko mezua plazaratu da. Asmo edo ideia horren kontra, alabaina, ongizatearen estatua defenditzearen aldeko aldarrikapenak ozenki altxatu dira, nolabait ere biztanle guztien berdintasuna eta ongizatearen estatuaren defentsa unibertsitatearen guztizko doakotasunarekin parekatuz. Denok dakigu, bai, unibertsitatearen tasak igotzearen aldeko proposamena une honetan nondik etorri den. Baina, kontuz, ezkertiarragoak diren zenbait adituk sistemaren aurrerakortasuna zein eraginkortasuna areagotzeko horixe bera defenditu dute. Ikus adibidez PSOEren inguruko ekonomialariek Espainiako unibertsitateaz egindako hausnarketa (klik hemen) edo, Euskal Herritik bertatik, EHUren erretore ohia izandako Pello Salaburuk, beste zenbaitekin, idatzitako liburua (klik hemen). Benetan atzerakorra al da unibertsitatearen tasak igotzea?
Has gaitezen, lehendabizi, eztabaida zentratzen. Oso jende gutxik defenditzen du gradu ondoko ikasketek (masterrak eta) doakoak izan behar dutenik. Horietarako, ikasleek behar izanez gero, finantza-bide egokiak egotea eskatu ohi da. Adibidez, behin lana eduki eta errenta maila batera iritsita, itzultzen hasi beharko liratekeen interes apaleko maileguak. Baina, inork gutxik planteatzen du ikasketa horiek debaldekoak izatea. Izan ere, hainbat azterlanek erakutsi dutenez, ikasketa horiek segitzeko gizabanakoek egindako diru inbertsioa ikasketak amaitu ondoren berreskuratu ohi da guztiz, eta are etekin ekonomiko galantarekin. Beraz, egindako inbertsioa aski errentagarria suertatzen bazaie gizabanakoei, zer premia dago Estatuak kostu hori estaltzeko! Gainera, gradu ikasketetan gertatzen ez den bezala, gradu ondokoetan ikasleen geografi higikortasuna (hau da, ikasleak bere herri edo erregiotik beste batera joatea) maizago ematen da eta, tasak oso apalak badira “ikasketa-turismoa” deitu izan den fenomenoa eman daiteke (ikasleak beste toki batera ikastera joatea han tasak oso merkeak direlako eta ikasketen kostua beraiek jasaten ez dutelako).
Beste gauza bat graduko ikasketekin (hau da, lehengo lizentziaturak eta). Nazioarteko egoera horri dagokionez ez da berdina toki guztietan. Europako iparraldeko herrietan, adibidez, ikasleek ez dute ia tasarik ordaintzen; herri anglosaxoniarretan, aldiz, dezente (ikus OECDren txostena hemen). Euskal Autonomi Erkidegoan unibertsitate pribatuak ikasleen tasez finantzatzen dira gehienbat; eta EHUn Europako Batasuneko batez bestekoaren gainetik ordaintzen da. Bestalde, Aghion eta bestek erakusten dutenez (ikus hemen), unibertsitateen bikaintasuna ez dago estuki lotuta alderdi horri: ospe handiko unibertsitateen artean bai tasa handikoak (AEB, Erresuma Batua edo Herbehereak, esaterako) eta bai apalekoak edo doakoak (Suedia edo Suitza) aurki daitezke.
Beraz, nazioarteko esperientziari begiratuta, ez da ondorio argirik ateratzen. Nolanahi ere, gaur egun herri gehienetan tasak igotzearen aldeko mugimendua nagusitzen ari da. Espainiako unibertsitatea aztertu duten aditu gehienak, haatik, tasak igotzearen alde daude eraginkortasun zein ekitate arrazoiengatik.
Tasen eta eraginkortasunaren erlazioari dagokionez, gorago aipatutako OECDren estatistiken arabera, unibertsitate publikoaren kostua ikasle bakoitzeko 10 mila euro ingurukoa da Espainian eta horietatik tasen bitartez finantzatutakoa %7,5 da. Ekonomi ikuspegi batetik, kostu hori ikasleak eta Estatuak finantzatu beharko lukete, ikasketa horietatik eratortzen diren onura indibidual eta kolektiboen arabera. Hau da, ikasketa horietatik ikasleak etorkizunean jasoko duen etekin ekonomikoa (alokairu handiagoetan eta) oso handia izango balitz, Estatuak ez luke haren ikasketaren kostua finantzatzen ibili behar, non eta ikasleak hartutako ikasketa horietatik gizarteak ere onura ekonomikoren bat jasotzen ez duen (adibidez, zerga edo gizarte kotizazioen bilketa handiagoa etorkizunean). Luze joango litzateke onura pribatu eta publiko horiek estimatzeko modu eta kopuruetan hemen sartzea, baina estimazio horietatik emaitzarik garbiena hauxe da: nahiz eta Espainian ikasleek unibertsitateko ikasketetan egindako inbertsiotik lortutako errenta beste herrietako ikasleek lortutakoa baino txikiagoa izan (eta krisiarekin seguruenik oraindik beherago), oraindik ere nahiko altua da. Perez eta Serranok erakusten dutenez (klik egin hemen), unibertsitateko ikasketa dutenek okupazio tasa garaiagoak izan ohi dituzte, enplegu egonkorragoak, erantzukizun handiagoko lan-postuak eta alokairu altuagoak. Doladoren estimazioen arabera (klik hemen), errentagarritasun pribatu eta publiko horiek kontutan izanda, ikasleek bere ikasketen %70 finantzatu beharko lukete eta ez orain finantzatzen duten ehuneko apala.
Gainera, adituen ustez, Espainiako unibertsitatean dagoen porrot tasa handia (hala nola azterketara aurkezten ez diren ikasleen ehuneko handia edo ikasketak hasi eta bukatu gabe uzten dituztenena) sustatu egiten dira tasa apaleko politika horrekin. Suspenditzen edo ikasturtea errepikatzen duten ikasleei ere ez zaizkie behar hainbat tasak garestitzen. Eta ikasleek gehiago ordainduko balute, ematen zaien zerbitzua gehiago baloratuko lukete eta kalitate handiagoa galdatuko.
Ekitateari dagokionez, adituen iritzirako, goiko eta erdi-goiko klaseei mesede egiten diete tasa apalek. Ikerketa baten arabera, guraso unibertsitarioen seme-alabek unibertsitatera joateko 4,5 bider probabilitate handiago dute unibertsitarioak ez direnenek baino. Hau da, zergak ordaindu ohi dituztenak klase apal eta ertainak dira, eta horien seme-alabak proportzionalki gutxiago joaten dira unibertsitatera. Areago, unibertsitatetik pasa eta gero, dirudunen seme-alabek etekin handiago atera ohi diote haiek egindako inbertsioari, haien familia eta kontaktuei esker lanpostu hobeak eskuratu ohi dituztelako. Laburbilduz, erdiko baliotik behera dauden zergadunek potentzialki erdiko baliotik goren kokatuko direnak subentzionatzea ekartzen dute unibertsitateko tasa apalek.
Bestalde, unibertsitateko tasa apalak jarriz bakarrik ez da klase apalenen unibertsitateratzea ahalbidetzen. Kontuan izan behar da, tasa horietaz aparte, hainbat gastu egin beharra dituela unibertsitateko ikasleak: liburuak, ordenagailuak, mantenua etab. Horregatik, bidezkoagoa dirudi tasak behar den mailan jartzea, baina gero, tasak ez ezik, ikaslearen gainerako gastuak estaliko lituzkeen laguntza-sistema oparoa jartzea, ikasleen familien egoera ekonomikoa eta errendimendu akademikoa aintzakotzat hartuko dituena. Honi gagozkiola, ikasle-laguntza urrikoen artean kokatzen du OECDk Espainia.
Horrenbestez, sistema aurrerakorrago baten alde egotekotan, proposamenak ez luke izan beharko unibertsitateetan tasarik ez egotea, baizik eta errentagarritasun pribatu eta publikoak kontuan hartuz, tasak behar den mailan jartzea; eta hori konpentsatzeko, ikasleen familien eros ahalmenaren araberako beka edo laguntza-sistema bat ezartzea. Haatik, batek esan lezake: gure herrian goiko eta erdi-goiko hainbat taldetan dagoen zerga iruzur handiarekin horrek arazoa areagotu besterik ez luke egingo. Soldatapekoak ez diren profesional eta enpresaburu askok diru sarrera hutsala aditzera ematen dute bere errenta-aitorpenean; eta bekak edo ikasketa-laguntzak banatzen badira aitorpen horien arabera, iruzurgile horiek izango dira horietaz gehien baliatuko direnak. Hori, ordea, neurri bakun batekin zuzendu liteke: soldatapekoak ez izanik ikasketetarako laguntza publikoak eskatzen dituztenen ehuneko esanguratsu batek zerga-ikuskatzea izango duela aldez aurretik iragarriz (eta ikuskatze horiek ganoraz eginez).
Amai dezagun blog honetarako egungo ekarpena azken gogoeta batekin. Orain artekoan unibertsitate publikoko tasez aritu gara. Baina zer esan unibertsitate pribatuenez? Nire irudiz, Estatuak hiritarrei zerbitzu publikoa bermatu behar die, baina ez zerbitzu horren hornikuntza zentro publikoen bidez derrigorrez egitea. Hau da, nahiko baliabide ekonomikorik ez dutenentzako unibertsitate ikasketek doakoak izan beharko lukete. Hiritarrek, ordea, eskubidea eduki beharko lukete ikasketa horiek zentro publiko zein pribatuetan egiteko (pribatuetan egiteagatik Estatuari garestiago ateratzen ez zaion bitartean). Nahiko bitxia da: unibertsitate aurretiko irakaskuntzan hori nahiko normaltzat hartzen dugu: gurasoek bere seme-alabak bidal ditzakete ikastetxe publiko zein pribatu batera, eta bietan doanik. Baina unibertsitateko irakaskuntzara iristean badirudi unibertsitate publikoak bakarrik izan behar duela doako. Blog honetako aurreko ekarpen batean adierazten nuenez, unibertsitateen gaineko arauketa malgutu behar da franko (batez ere, unibertsitate publikoaren gainekoa) eta unibertsitateek autonomo edo burujabeagoak izan beharko lukete eredu propio bat izateko. Hori bai, autonomia horren truke, kontu gehiago eman beharko lukete eta haien emaitzen gaineko kontrol sozial handiagoa egon beharko luke. Bide horretan aurrera egingo bagenu, ez luke horrenbeste inportako unibertsitatearen jabetzaren izaerak, haren bikaintasunak baizik.