Quo Vadis independentzia ekonomikoa? | Ekonomiaren plaza >

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Quo Vadis independentzia ekonomikoa?

Kataluniako (eta Eskoziako) gatazkak pil-pilean jarri du independentzia ekonomikoaren gaia gure inguruan. Bertako hauteskundeak inoiz baino gatazkatsuagoak izan dira eta irabazleak ba … ¿? izan dira.

Duela gutxi, hori dela eta, Kataluniako 6 ekonomialari oso ospetsuk web-orri bat sustatu dute Col-lectiu Wilson izenarekin, Woodrow Wilson Amerikako Estatu Batuetako presidentearen ohorez, bera izan baitzen autodeterminazio eskubidearen defendatzaileetako bat XX. mendearen hasieran. Ekonomialari horietako batzuk Katalunian lan egiten dute, gehienak munduan zehar, eta guztiak munduko “top” unibertsitateetan ikasi dute eta haietan irakasten ari dira.

Ondorengo galdera  aztertzen dute: bideragarria al da independentzia ekonomikoa? Bi atal aipatuko ditut gaur gai horren inguruan, nazioen tamainaren eta oparotasunaren arteko erlazioa, batetik, eta independentziaren merkataritza-ondorioak, bestetik. Badira beste gai batzuk, hala nola, pentsioak, kupoa eta Kontzertu Ekonomikoa, Europako Batasuna eta euroa, enpresak lekuz aldatzea, baina horietan ez naiz arituko gaur.

Lehenengoz, Alberto Alesina eta Enrico Spolaore ekonomialariek lan garrantzitsua idatzi zuten nazioen tamainari buruz, “The size of nations” (laburpena hemen, ingelesez). Bi indar nagusi leudeke nazioen tamaina hoberena aztertzeko momentuan. Alde batetik, etekinak daude: nazio handi batek hobeto aprobetxatzen ditu zerbitzu publikoetatik sortzen diren eskala-ekonomiak (adibidez, atzerrian enbaxada bat jartzea berdina kostatzen zaio nazio handi edo txiki bati, baina handiarentzat merkeagoa da biztanleko). Beste aldetik, kostuak daude: nazio handi batean nazio barneko desberdintasunak handiagoak izan daitezkeenez gatazka gehiago sor daitezke. Kostu-etekinen ikuspegiak laguntzen du tamaina hoberena zein den aztertzen. Eurek egindako ikerketa enpirikoak garbi erakusten du nazioen tamaina eta oparotasuna (biztanleko barne produktu gordina) ez doazela batera. Aldiz, merkatuaren tamaina eta  merkataritzako errejimen-mota funtsezkoak lirateke: nazio irekiagoek bereziki errazagoa lukete tamainaren  “arazoa” gainditzea. Hori baino lehenago, Robert Barro ekonomialariak jardun zuen ere (ikus hemen): lehen esandakoaz gainera, ez dirudi tamainaren eta hazkunde ekonomikoaren tasaren artean erlaziorik dagoenik. Literatura guzti horrek argi eta garbi uzten du, beraz, EAE independentea balitz, bere tamaina txikiak ez lukeela eragozpenik sortu behar ez EAEren errenta mailan ezta ere errenta-mailaren hazkunde-tasan, epe ertain eta luzera, baldin eta EAEk aurrean duen merkatua zabala balitz (eta ez gure herrira mugatuta soilik).

Bigarrenik, zein eragin izan dezake independentziak merkataritza eragiketetan? Duela gutxi hori aztertu du Kataluniarako Col-lectiu Wilsonek (ikus hemen). Euskal Autonomi Erkidegorako (EAE) datuak ondorengo taulan daude:

 

TAULA. Merkataritza-eragiketak, Euskal Autonomi Erkidegoa (balio korrontea, mila €).

 

1980

2010

Esportazioak

6.011.176

40.040.031

Estatuaren enparatua

4.458.444

19.802.274

Atzerria

1.552.732

20.237.757

Inportazioak

5.723.203

42.834.562

Estatuaren enparatua

4.019.192

26.205.943

Atzerria

1.704.012

16.628.619

BPG merkatu preziotan

6.695.207

65.419.243

Iturria: Eustat

 

Lehendabizi, argi eta garbi ikusten da esportazioen eta inportazioen garrantzia barne produktuarekin alderatuta, eta baita ere pisu hori murriztu egin dela 1980tik aurrera: esportazioak BPGren %60 ziren gutxi gorabehera 2010ean. Gainera, 1980an guk eginiko esportazio eta inportazioetatik hiru laurden gutxi gorabehera Estatuko gainerako herrialdeekin ziren (“Estatuaren enparatua” deitzen dena estatistiketan) eta gainerakoa atzerriarekin. Aldiz, 2010ean egiten diren esportazioetatik erdia baino gehiago atzerrira egin ziren, baina inportazioetan %40 “bakarrik” etorri ziren atzerritik.  Horrek esan nahi du Espainiako merkatutik daukagun menpekotasuna, nahiz eta txikitzen joan, oraindik ere badagoela. Herrialde bateko erregioak merkataritza gehiago egiten dute euren artean Estatu desberdinetako erregioen artean baino. Ondorio horri “muga ondorioa” deitzen zaio. Asier Minondo blogkideak aztertu zuen hau EAErentzat duela urte batzuk (ikus hemen): EAEk 20 eta 26 aldiz merkataritza gehiago dauka Espainiarekin beste herrialde batekin baino. Ondorio hori %70-85 hizkuntza bera izateak, bata bestearen ondoan izateak eta merkataritza-gune berean izateak sortzen du. Baina, noski, hori guztia ez da aldaezina: joerak dio atzerriak gero eta garrantzi gehiago duela.

Eta horrek guztiak zer dakar? Goazen kalkulu batzuk egitera (lehen aipatutako Col-lectiu Wilsonek egindako lanaren ildoari jarraituz), adibide erraz batekin. EAEk makina-erreminta sektoreko 100 makina ekoizten ditu, bakoitzak 1€ balio duelarik. BPG guztira 100€ da:

  • Demagun gainerako Estatura egiten ditugun esportazioen %80 ez dugula saltzen. Zergatik? Boikotagatik izan daiteke, lehen zeuden erlazioak hautsi direlako, eta abar. BPG 100€ denez, esportazioak 60€ dira (%60, goian aipatu bezala), 30€ (aurrekoaren %50, goian aipatu bezala) dira Estatuko gainerako herrialdeetara esportatzen dena eta, gainera, %80 saltzen ez bada, 24€-ko balioa duten makinak ez ditugu salduko: “galera” daukagu BPGn, makina gutxiago saltzen direlako. Beraz, BPGn izango lukeen eragina = 0,8 gutxiago saltzeagatik × 0,5 EAEko esportazioak gainerako Estatura × %60 esportazioen ekarpena = %24 BPGren galera … baina
  • Esportazioek ez dute zuzenean gure balio erantsia kontuan hartzen, hau da, esportatzen dena ez da guztia EAEn sortu (bitarteko ondasunak erosi behar izan dira), eta doitu egin behar da. Adibidez, makina horiek ekoizteko burdina behar izan dugu eta burdina Hego Afrikatik ekarri dugu. Horrek esan nahi du makina guztia ez dela EAEn ekoitzi, zati bat bakarrik, eta hori kontuan hartu behar da. Demagun, Katalunian bezala, EAEk gainerako Estatura egindako esportazioetan daukan benetako BPGko edukina %22,5 dela: 22,5€ da esportazioek BPGn daukaten eragin erreala. Gainerako Estatura egiten esportazioen %80 saltzen ez bada, orduan BPGn duen eragina 18€ da. Beraz, BPGn izango lukeen eragina = 0,8 gutxiago saltzeagatik × %22,5 = %18 BPGn galera … baina
  • Gainerako Estatura egiten ez ditugun esportazioak, beste leku batera egin beharko ditugu, prezioak jaitsita ziurrenik. Demagun gainerako Estatuan orain saltzen ez den erdia “errekuperatzen” dugula: atzerrira esportatzen da. Alde batetik, 18€ gutxiago ekoizten dugu gainerako Estatuan gutxiago saltzen duelako. Bestetik, 9€ gehiago ekoizten du atzerrian saltzen duelako. Beraz, BPGn izango lukeen eragina = 0,5 errekuperatzen dugun salmenta × %18 lehengo galera = %9 BPGn galera … baina

Pentsa ondorengo beste alternatiba hau:

  • Gainerako Estatura egindako esportazioak %18 jaisten dira (lehen %80).
  • Prezioak %40 jaisten dira gainerako Estatuan saldu ez den hori atzerrian saltzeko. Gainera, litekeena da ondasunak urrunago bidali behar direnez horrek marjina txikiagoa sortzea enpresarentzat. Demagun horren eragina %10 dela. Beraz, prezioen jaitsiera guztira %50 izango da.

Gure makinen salmentak, alde batetik, 18€ jaitsiko dira (%18). Horrek gure BPGn duen eragina kopuru horren %22,5 izango da: 4,05€. Bestetik, saldu ez dena atzerrian salduko da prezio txikiagoarekin (%50): 2,025€. Beraz, BPGn galera = 0,18 salmentak jaisteagatik × %22,5 × 0,5 = %2 izango da.

Eta bi zenbakien artean zein hautatu behar da? Noski, beste hamaika aukera dago, baina ziurrenik errealitatea bigarrengotik gertuago dago (ikus zergatik aipatutako lanean). Gainera, beste zenbait xehetasunek (prezioen jaitsiera txikiagoa, adibidez) zifra hori murriz dezakete. Beraz, gerta liteke galerak aurkeztu diren bezain handiak ez izatea, baina alderantzizkoa ere posiblea da. Adibidez, duela gutxi argitaraturako lan batek dio Katalunian bere errenta %8,9 eror daitekeela independentziaren ondoren (ikus hemen eta hemen); beste batek ekoizpena eta balio erantsia %16-18 eroriko litzatekeela (ikus hemen). Duela urte batzuk Mikel Buesa ekonomialariak kalkulatu zuen EAEn independentziak merkataritzan izango lukeen eragina BPGn %4-13,4 bitartean egongo litzatekeela (ikus hemen).

Garrantzitsua da kontuan hartzea:

  • Kostuak eta etekinak neurtzea zaila izateaz gain, ez direla guztiz ziurrak. Horrek esan nahi du kostuak eta etekinak txikiagoak edo handiagoak izan daitezkeela.
  • Inplizituki egin dudan suposizioa EAE, independentzia eta gero, Europako Batasunaren barnean dagoela izan da. Hori egia ez bada, kostuak handiagoak izango lirateke.
  • Egungo egoera ez da aldaezina. Aipatzen diren ondorioak epe laburrekoak (eta ertainekoak?) lirateke. Agian independentziak kanpora gehiago esportatzera eraman dezake, horrela esportazioen norakoak dibertsifikatuz eta kostuak txikituz, baina hori ezin daiteke jakin.

Noski, orain arte aipatutako bi gaiak, tamaina eta merkataritza, ez dira guztiak: pentsioak, Kontzertu Ekonomikoa eta kupoa, Europako Batasuna eta euroa, agian enpresak lekuz aldatzea, … Horiek ere kontuan hartu beharrekoak dira.

Bukatzeko, aipatzekoa da duela gutxi The Economist aldizkari ezagunak esaten zuena Espainiak bere nazioei askatasun gehiago ematearen alde (ikus hemen). Garbi daukat emozioek funtsezko papera dutela hemen aipatutako gaian, baina ekonomialarion betebeharra azterketa analitikoak eta enpirikoak egitea da kostuak eta etekinak neurtzeko. Horrek guztiak erabaki egokiak hartzeko egoeran uzten gaitu: aurrerakuntzak eztabaida serioa eskatzen du. Datozen belaunaldiek eskertuko digute.

 

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


diciembre 2012
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31