Autonomia eta erakundeen kalitatea Europako erregioetan | Ekonomiaren plaza >

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Autonomia eta erakundeen kalitatea Europako erregioetan

Nahiz eta II. Mundu-gerraren ondoren ekonomia instituzionalista baztertuta samar gelditu ekonomia neoklasikoaren aldean, 80ko hamarkadaren geroztik ekonomialari eta organizazio gero eta gehiago errekonozituz joan dira erakundeek ekonomi garapenean duten garrantzia. Gaur egun herrien ekonomi garapena ─edota krisia─ ulertzeko, haien erakundeen analisia funtsezkotzat jotzen da. Nola ulertu, adibidez, Espainian etxegintzan eta finantza-etxeetan leherturiko krisia, Espainiako hainbat erakunderen izaera kontuan izan gabe (ikus bi artikulu zorrotz horretaz hemen eta hemen).

Tamalez, orain dela gutxi arte erregioetako erakundeen sendotasuna eta kalitatea neurtzeko metodologia eta indikadorerik ez zegoen eta, beraz, erregioen arrakasta ekonomikoa esplikatzeko faktore garrantzitsu bat eskas genuen. Baina erregioek garapenean eta lehiakortasunean jokatzen duten funtzio gero eta handiagoari erantzun nahian, Europako erakundeek horri buruzko datu-baseak eta ikerketak bultzatzen hasi dira eta zuloa berdintzen hasi.

Erregioen erakundeei gagozkiolarik, lehenengo galderak honako hau izan beharko luke: zenbat eskumen duten edo, bestela esanda, zein den bere autonomia. Izan ere, herri batetik bestera asko aldatzen da deszentralizazio-maila. Europako Batzordeak finantzatutako ikerketa bat Europako herrialdeetako erregioek duten eskumen maila aztertzen saiatu da (ikus hemen). Ikerketa horren arabera, Europako herrien artean honako kategoriak bereiz litezke:

  • Herri federalak: Alemania, Austria eta Belgika.
  • Erregionalizatutako herriak: Italia eta Espainia
  • Iparraldeko herri unitarioak: Suedia, Finlandia eta Danimarka.
  • Herri unitarioak: Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Grezia, Irlanda, Herbehereak, Luxenburgo eta EB-12koak. Oso zabala den kategoria honen barruan batzuk nahiko deszentralizatuak dira (adib. Herbehereak, Eslovenia eta Lituania) eta beste batzuk deus gutxi (adib. Irlanda, Grezia, Bulgaria, Errumania eta Malta).

Dena den, hori baino zehatzago eta interesgarriagoa iruditzen zait, Europako Erregioen Batzarraren mandatu bati erantzunez, Bak Basel Economics erakundeak Europako erregioen deszentralizazio indizea kalkulatzeko egindako saiakera (ikus hemen). Eskuarki Europako herri bakoitzeko erregioek antzeko eskumen edo beregaintasuna dute, eta horregatik deszentralizazio-indizea herrialdeka ematen da. Zenbait herritan, alabaina, erregio guztiek ez dute eskumen maila bera. Halaxe gertatzen da, adibidez, Erresuma Batuan, non nazio kontsideratzen diren erregioek (adib. Eskoziak edo Galesek) Ingalaterra osatzen duten eskualdeek edo lurralde-unitateek baino eskumen gehiago duten.

Bak Basel Economicsek kalkulatutako deszentralizazio-indizearen baloreak beste zenbait estudiok Europako erregioen autonomiez emandako informazioarekin apur bat egokituz, Europako erregioetarako autonomi indizea estimatu dugu Orkestran (ikus 1. Irudia). Estimazio horren arabera, Euskal Autonomi Erkidegoaren autonomi maila, Alemaniakoekin batera, Europako handienetakoa da.

1.       Irudia: Deszentralizazio indizea Europako herrialdeetan

Fuente: Orkestra (BAK Basel Economics-en oinarrituta)

Baina Charron et al. (2013) dioten bezala, ekonomi garapenari dagokionez, erakundeen ahalmenen kantitatea baina garrantzizkoagoa da haien kalitatea. Europako erregioetako erakundeen kalitatea neurtzeko saiakerarik serioena Suediako Gothenburg Unibertsitateko ikertalde batek egin du (ikus hemen), Europako Batzordeak finantzatutako proiektu batean.

Azterketa horrek erakutsi duenez, askotan handiagoak dira herri bateko erregio batzuetatik besteetara erakundeen kalitatean dauden ezberdintasunak, herri ezberdineko erakundeen artean daudenak baino. Adibidez, ikerketa horren arabera, Italian dauden Bolzano eta Campania erregioetako erakundeen kalitateen artean dagoen aldea handiagoa da Danimarkako eta Portugalgo erakundeenen artekoa baino; edota Belgikan dauden Flandesekoen eta Walloniakoenen artekoa handiagoa da Belgikakoen eta Hungariakoen artekoa baino. Hortaz, nahiz eta herri bateko erregioek hainbat erakunde konpartitu herri bereko beste erregioekin, erregio bakoitzean erakundeen funtzionamendua berezi samar izan daiteke. Hain zuzen ere, Gothenburg Unibertsitateko estudio horrek (EAE) Euskal Autonomi Erkidegoa kasu berezitzat hartu eta berariaz aztertzen du, zeren eta haiek egindako erakundeen kalitateen neurketan, EAEk balio aski onak (Espainiako erregioen artean hoberenak) lortzen baitzituen Europako Erregioen rankingean.

Estudio horrek Europako erregioen erakundeetarako estimatutako balioak, Europako Batzordeak argitaratutako lan-dokumentu batean jasotakoak (ikus hemen), post honetako 2. Irudian ikus daitezke. Oro har, erakundeen kalitate handiena herri eskandinaviarrek, germaniarrek eta ingeles-eledunek dute; haien atzetik, Mediterraneo aldeko zenbait herri, Estonia eta Eslovenia leudeke; ondoren, Italia, Grezia eta Europako Batasunera sartu berri diren herrialde gehienak; eta azkenik, dezente atzerago, Errumania eta Bulgaria.

2. Irudia: Europako Batasuneko herrietako erregioen erakundeen kalitate-maila

Iturria: Charron, N., Lapuente, V. & Dijkstra L. (2012). Regional Governance Matters: A Study on Regional Variation in Quality of Government within the EU. European Commission, Regional Policy, Working Papers WP 01/2012.

Batek galdetu lezake: zer erlazio dago erregioen autonomia mailaren eta erakundeen kalitateen artean? Bada, gutxi edo ezer ez. Hori da Charron eta besteen (2012) ikerlanetik ondorioztatzen dena. Baina luze jo du dagoeneko gure gaurko postak, eta bai erlazio hori sakonkiago arakatzea eta bai aurreko analisietatik jalgitzen diren ondorio guztiz esanguratsuak agerian uztea, hurrengo post baterako utzi beharko dugu.

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


enero 2013
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031