Erakundeen kalitatea eta subiranotasuna | Ekonomiaren plaza >

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Erakundeen kalitatea eta subiranotasuna

Gobernu-erakundeen kalitateak hiru dimentsio ditu: inpartzialtasuna, efizientzia eta ustelkeria-eza. Herrialde baten erakundeen kalitateak haren garapenean eragin handia daukala esaten genuen duela hiru aste idatzitako postean (ikus hemen). Ordutik hona erakundeen kalitatearen gaia ezin pil-pil handiagoan jarri da, Espainian Barcenas kasua dela bide sortutako kalapitan (ikus De la Dehesaren artikulu zorrotza hemen).

Euskal Autonomi Erkidegoan ere, nik idatzitako post hura aitzindari, beste bi ekarpen agertu dira bertako foro eta blogetan egunotan. Lehenengoa Munoak argitaratutakoa Deia eta Noticias de Gipuzkoako foroetan (klik hemen), nik ezagutzera emandako txostenaren ondorio batzuk jasoz. Eta bigarrena Jon Azuaren blogean, non erakundeen kalitatea bermatzeko Gothenburgeko Unibertsitatearen txostenak aurkitutako hainbat giltzarri aipatzen diren eta erakundeen kalitatean guk geuk daukagun erantzukizuna gogorarazten zaigun (klik hemen).

Has gaitezen gogoratzen aurreko postean plazaratutako ideia nagusia: “ekonomi garapenari dagokionez, erakundeen ahalmenen kantitatea baino garrantzizkoagoa da haien kalitatea”. Erakundeen ahalmenen kantitatea erregio batek duen eskuduntza-mailak ezartzen du eta, nolabait ere, erregio horrek iritsitako deszentralizazio indizeaz neurtu daiteke (ikus aurreko postean Orkestrak Europako Batasuneko erregioentzat eskainitakoa, BAK Basel Economics-en azterlanean oinarrituta). Orobat, gorago aipaturiko Gothenburgeko ikerketan oinarrituta, Charron eta bestek (2012) erregioen erakundeen kalitateari buruzko indize bat argitaratu dute. Argitaratuta dauden azterlan gehienen arabera, zein da bi indize horien artean dagoen erlazioa? Aurreko postaren bukaeran aurreratzen nuen: “gutxi edo ezer ez”. Begiratu, adibidez, 1. Irudia, non Europako Batasuneko herrien kalitate maila agertzen den, eta baita haien barruan, erregio batzuetatik besteetara dagoen aldakuntza.

1. Irudia: Gobernuen kalitate indizearen maila eta herrien barruko aldakuntza

Iturria: Charron eta beste (2012).

Oharra: Zutikako zuzenkien goiko eta beheko aldean ageri diren laburdurak herri horretako gobernu-kalitate goreneko eta apaleneko erregioei dagozkie. Adibidez, Espainiaren kasuan ES21 Euskal Autonomi Erkidegoa da.

Bertatik ondoriozta daitekeenez, nahiko deszentralizatutako herrien artean badaude erakundeetan kalitate handia duten herriak (Austria eta Alemania, adibidez), baina baita kalitate txarrekoak ere (Italia). Eta herrialde unitarioetan, berebat, badaude kalitate handiko erakundeak dituztenak (ipar aldeko herrialde gehienak: Danimarka, Suedia, Finlandia…) eta kalitate txarrekoak (Europako Batasunera azkenak sartutakoak: Bulgaria, Errumania). Charron eta bestek (2012) ez dute korrelaziorik aurkitzen deszentralizazio edo federalismoren eta gobernuaren kalitatearen artean. Eta gobernuaren kalitateak herrialde garapen ekonomiko eta sozialarekin (hots, haren biztanleko errentarekin, heziketa-mailarekin, osasun adierazleekin eta abarrekin) korrelazio positiborik ez duenez gero, ez gintuzke harritu beharko Europako erregioetan deszentralizazioak garapen ekonomiko eta sozialarekin korrelaziorik ez izateak.

Europako erregioetan aplikatzen ari diren berrikuntzako estrategia eta politikak ezagutzeko asmoz Europako Batzordeak finantzatutako Regional Innovation Monitor (RIM) plataformako azterlanak antzeko emaitzetara iritsi dira (ikus hemen). Plataforma horretako argitalpenek, adibidez, agerian jarri dute Europako Batasunean barneratu berriko Ekialdeko herrialdeetan deszentralizazio prozesuak martxan jarri direnean, deszentralizazio horiek ez dutela espero zitekeen emaitzarik izan. Herrialde horietako erregioen gobernuak askotan ez dira Europako Batasunetik jasotako diru-laguntzak erabiltzeko gai izan, edo neurri handi batean alferrik xahutu dituzte.

Herri horietan gertatutakoa azaltzeko asmoz, RIMeko adituek gobernantzaren gaitasuna bi modutara uler litekeela diote: zentzu hertsian eta zentzu zabalean. Zentzu hertsian ulertutako gobernantza-gaitasuna erregio horrek duen eskuduntza edo autonomia mailari dagokio. Alde horretatik, zenbat eta eskuduntza edo aginpide gehiago eduki erregio horretako erakundeek, orduan eta gobernantza-gaitasun handiagoa izango luke erregio horrek. Zentzun zabalean ulertutako gobernantza-gaitasuna, aldiz, eskuduntza horietaz egokiro baliatzeko beharrezko diren faktore baldintzatzaileei dagokie: adibidez, erregio horietako gobernuek duten giza baliabideen prestakuntza, eskarmentua, etab. Esan dezagun, bidenabar, lehen aipaturiko deszentralizazio indizeak funtsean zentzu hertsiko gobernantzaren gaitasuna neurtzen duela, eta ez zentzu zabalekoarena.

Hori horrela, erregio batean zentzu hertsiko gobernantza-gaitasuna handitzen denean (hots, erregio bati eskuduntza eman edo itzultzen zaionean) ez da hortik eratortzen halabeharrez erregio horrek arlo ekonomiko eta sozialean aurrera egingo duenik. Horrela izan dadin, zentzu zabaleko gobernantza-gaitasuna eduki behar du erregio horrek. Hain zuzen ere, RIMeko aztertzaileen iritziz, Espainiaren kasuan ongi ikusten da hori. Zentzu zabaleko gobernantzaren gaitasun hori Euskal Autonomi Erkidegoan handia da, eta gainerako autonomi erkidegoetan ez horrenbeste. RIMekoen ustez, irmoki denbora luzez berrikuntzako politikak aplikatzen ibiltzearen poderioz, euskal erakundeetan politika-ikastea (policy learning) gertatu da, eta, horren ondorioz, eskuduntza horiek egokiro gobernatzeko beste erregioetako gobernuek baino gaitasun handiagoa erakutsi dute euskal erakundeek.

Beraz, erregio baten garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko, eskuduntza-maila bezain garrantzitsua da eskuduntza horiek taxuz erabiltzeko gaitasunak garatzea. Edo bestela esanda, erakundeen kalitatea hobetzea. Erregioko erakundeen kalitatea baldintzatzen duten faktoreetan gutxieneko mailarik ez badago, alferrikako edo kalterako izango da eskuduntza maila hori handitzea. Espainiaren kasuan hamaika adibide dugu horren inguruan. Euskal Autonomi Erkidegoaren eta Kataluniaren eskumen errebindikazioa gezatu eta ahultzearren, irrika eta gaitasun hori ez zuten gainerako autonomi erkidegoei ere eman zitzaizkien eskumen horiek. Horren emaitza nahiko txarra izan da, Espainiako aurrezki-kutxek izandako krisiak erakusten digunez. Kalitate oneko erakunde edo gobernurik izan gabe, Espainiako erregioetako gobernu gehienek kutxez egindako erabilera ezin txarragoa izan da, esaterako. Hori ikusita, Europako Batzordeak Espainiako Gobernuarekin sinatutako memorandumean erregioetako indar politikoek kutxetan eskusartzerik izan ez dezaten hainbat neurri ezarri dira.

Baina ez da bidezkoa, zentzu zabaleko gobernantza-gaitasuna erakutsi duten erregioei ere neurri horiek ezartzea. Ikuspegi politiko aldetik Euskadi bezalako nazioek bere burua autogobernatzeko daukaten eskubideaz aparte, ikuspegi ekonomiko huts batetik ere bere gobernatzeko gaitasuna erakutsi duten erregioei haien garapen ekonomiko eta sozialetarako hain funtsezko diren tresnak ez litzaizkieke ukatu beharko.

Aurrekoaren beste irakaspena zera da: eskuduntza gehiago errebindikatzea bezain garrantzitsua dela, orain eskuartean dauzkagunen kalitatea hobetzea: inpartzialtasunez, efizientziaz eta ustelkeriarik gabe gobernatuak izatea. Zenbat eta handiagoa izan gure erakundeen kalitatea, hainbat eta justifikatuagoa egongo da eskuduntza gehiagoren eta subiranotasunaren aldarrikapena.

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


febrero 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728