Aurreko ostiralean “Quo Vadis Europa?” ekitaldian parte hartu nuen, Pintxos & Blogs-ek gonbidatuta, Xabier de la Mazak zehazki. Xabier nire ikasle izana da Deusto Business Schoolen, besteak beste, Europako Batasuna irakasgaian, duela urte … gutxi. Nire solaskideak Juanjo Alvarez eta Eduardo Virgala Zuzenbideko Katedradunak izan ziren. Ostiralean Europako eguna zen, “Schuman deklarazio” famatua egun horretan egin baitzen 1950ean. Hortik jarri ziren indarrean Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Elkartea eta Atomo Energiaren Europako Erkidegoa 1952an (Pariseko Ituna) eta Europako Ekonomi Erkidegoa 1958an (Erromako Ituna). Gainera, hemendik egun gutxitara Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira. Gaurko postean nire parte hartzeari buruzko gogoetak zuekin partekatu nahi ditut, ekonomiari eta euroari buruz bereziki.
Diru bakarraren proiektua anbizio handikoa izan zen. Lehenengo plan serioa Werner Plana izan zen 1970. urtean. Handik gutxirako krisiak bertan behera utzi zuen Plan hau. Europako Akta Bakarrak bultzatutako Merkatu Bakarrak, Europako Batasunari bultzada handia ekarri zion. “Europa 1992” horren isla izan zen. Hesi ez-arantzelarioak ezabatu zituen, hala nola fisikoak (mugak; gogora ezazu, urte batzuk badituzu, Irunen zeuden kontrolak Iparraldera joateko), teknikoak (arau desberdinen ondorioz sortutakoak; pentsa txokolatea ez zela txokolatea herrialde guztietan) eta fiskalak (zerga berezi desberdinen ondorioz sortutakoak, petrolioa eta tabakoa adibidez). Merkatu bakarrak, pentsatzen zen, diru bakarra eskatzen zuela. Horri erantzuteko moneta bakarraren proiektua adostu zen 1991ean Maastrichteko itunean. Moneta bakarrak Euro izena jaso zuen 1995ean Madrilen. Aldi iragankorra pasa ondoren 1999an 11 herrialdek osatu zuten Eurogunea, Europako Banku Zentralaren (EBZ) gidaritzapean.
Moneta-batasun berezia zen Euroak sortutakoa. Diru-politika bakarra zen, baina merkatu finantzieroak oso segmentatuak zeuden herrialdeen arabera, eta politika fiskalak nagusiki nazionalak ziren. Gainera, Espainiako Bankua izan da duela gutxi arte Espainian aritzen diren bankuen gainbegiratzaile bakarra.
Nola dago gaur egun jendea euroaren aurrean, alde ala kontra? Eurobarometroaren arabera, inoiz baino jende gehiago dago horren aurka. 1. Irudiak erakusten du alde eta aurka dauden ehunekoen bilakaera. Espainian ere ia %40 aurka dago, 2. Irudiak azaltzen duenaren arabera. Zuk zer pentsatzen duzu? For or Against?
1. Irudia: Eurobarometroaren galdera: Euroa moneta bakarraren alde edo aurka zaude? Denboran zeharreko datuak
Iturria: Eurobarometroa
2. Irudia: Eurobarometroaren galdera: Euroa moneta bakarraren alde edo aurka zaude? Herrialdekako datuak
Iturria: Eurobarometroa
Moneta-batasun batek merezi duen ala ez aztertzeko ekonomialariok kostuak eta etekinak aztertzen ditugu, area monetario optimoen teoria erabiliz. Robert Mundell izan zen bere sortzailea eta horregatik jaso zuen Nobel saria 1999. urtean. Moneta-batasun baten kostu nagusia kanbio-tasa aldatzeko aukera (eta diru-politika independentea) galtzean dakar. Kostu hau handia izan daiteke asaldu edo shock asimetrikoen kasuan. Adibidez, gauzak oker badabiltza Espainian baina ez Alemanian, zer egin dezake Europako Banku Zentralak interes-tasa ofiziala finkatzerakoan, txikiagoa (Espainiaren mesederako) edo handiagoa (Alemaniaren mesederako)? Hala ere, tresna hori galtzearen kostua txikia izan zitekeen baldin eta soldatak malguak edo/eta langileak mugikorrak balira, baina hori ez da kasua Europako Batasunean. Bestalde, etekinak daude, moneta-batasunean monetak aldatu behar ez izatea, prezioen gardentasun handiagoa, kanbio-tasaren inguruan ziurtasun eza txikiagoak sortutako ongizate handiagoa, hazkunde handiagoa, eta nazioarteko moneta gisa erabiltzeak eragindako onurak, besteak beste. Nahiko adostasun handia zegoen 90eko hamarkadan Europako Batasun osoa ez zela inguru monetario optimoa, baina bai herrialde aurreratuenen taldea.
Euroaren lehenengo hamar urteak nahiko ondo joan ziren barne produktu gordinari, enpleguari eta inflazioari dagokionez, baina desoreka garrantzitsu batzuk nabarmenak ziren. Horren isla ziren kanpo-sektoreko kontu korronteko desorekak hainbat herrialdeetan, Espainian adibidez. Espainiaren kasuan aurrezki nahikoa ez zegoenez, kanpoko aurrezkiarekin finantzatu zen, bankuen eta aurrezki-kutxen bitartez, higiezinen merkatuko burbuila. Kontu korronteko defizitak izugarriak izan ziren eta hortxe dago euroguneko krisiaren sorburua, herrialde aurreratuenetan gertatutako krisi ekonomikoari gehitu zaiona. Gertatutakoak gertatutakoa, zeintzuk izan ziren euroaren diseinuan egindako akats nagusiak? Paul De Grauwe ekonomialari adituaren ustez (ikus hemen bere lana), lehenengo, nahiz eta diru-politika bakarra izan, kapitalismoak jasaten dituen zikloak neurri handi batean nazionalak dira. Diru-politika bakarrak ez du diziplina gehiago lortzen dinamika horretan. Agian, handitzen ditu. Pentsa, adibidez, interes-tasa bakarraren ondorioak. Ondo doazen herrialdeetan oraindik gehiago haz daitezke. Atzeraldian daudenetan, agian okerrago. Bigarren, egonkortzaile automatikoak ez daude antolatuta moneta-batasunean. Egonkortzaile fiskal automatikoak ziklo ekonomikoak leuntzen dituzte (pentsa zergen eta langabezi-sariaren eragina; garai onetan zerga gehiago biltzen dira eta sari gutxiago ordaindu, eta alderantziz). Horren adibide da banku zentralaren azken aukerako mailegu-emaile funtzioa. Banku zentralak likidezia hornitzen du krisi garaian. Hau ez badago, krisi garaian, likidezia falta duten bankuek edo estatu subiranoek denez kaudimen falta duen egoeran buka dezakete, oreka txar batean erortzen badira. Krisiak, gainera, egonkortzaile fiskal automatikoen funtzionamenduan eragin zuen. Austeridadea. Oreka txarra. Horregatik, politika ekonomikoak simetrikoagoa behar du, doikuntza guztia “hegoaldeko” herrialdeetan utzi gabe bakarrik. Gastuak igo behar du “iparraldeko” herrialdeetan, marjina ere bai baitaukate.
Zer gehiago egin behar da? Zorraren zati bat mutualizatzea edo bateratzea. Horretarako, noski, ondo diseinatu behar da, arrisku morala ekiditeko. Banku-batasuna oinarrizko neurria da. Duela gutxi onartu berri da Europako Batasunean Erresoluzio Mekanismo Bakarra. Hiru zutabeetan oinarritzen da:
Hitz gutxitan, zerbait bada, baina gutxi da. Sinesgarritasun falta nabarmena da Mekanismoan, konpromiso faltagatik. Azkenik, krisiaren gogortasuna dela eta, azken aukerako mailegu-emaile funtzioa bete du neurri batean 2012tik aurrera. Baina konpromiso horrek are eta sendoagoa behar du izan.
Garbi dago moneta-batasun oso batek aseguratzeko mekanismo osoak ezartzen dituela. Ez dago modurik perturbazioak edo asalduak absorbitzeko Eurogunean, herrialdeen arteko transferentzien bitartez. Herrialdeen defizit publikoak sor ditzakeen gatazkak herrialdeek kudeatu behar dituzte. Europako Batasunean ez dago horrelakorik eta, gainera, egindakoa partziala da. Horrelako momentuetan ikusten da Europako Batasuna “batasuna” den edo … zer den.
Azkenaldi honetan neure buruari egiten diot ondorengo galdera “tranpatia”:
– Jakindakoa jakinda, orain erabaki beharko bagenu euroan sartzea edo ez, euroan sartu beharko al genuke? Nik zalantza handiak dauzkat. Lehen, aldiz, ez nituen hainbeste.
– Euroak atzera bueltarik ba al du? Ez, ez dut uste hori erabaki ona izango zenik.
– Burbuila izango al genuen eurotik kanpo? Bai, baina txikiagoa ziurrenik, diru-politika “gogorragoa” izango baitzen.
Hori esanda, akatsak gureak dira, ez Alemaniarenak, nahiz eta kudeaketan akatsak egin beraiek ere.
Bestetan esan ohi dudan bezala, “time will tell” …
Twitterren jarrai nazakezu: @InakiErauskin