>

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Lan-kostuen bilakaera krisiaren aurretik eta krisiaren ondoren

Nire aurreko postean azaldu nuenez, lehiakortasunaren neurketa bi ikuspegiz egin daiteke: bateko, lehiakortasunaren emaitzei so eginez (biztanleko errentari, adib.); besteko, lehiakorra izaten ahalbidetzen duten faktoreei begiratuz (biztanleriaren heziketa mailari, adib.). Bi neurkera horien emaitzak ez datoz bat kasu guztietan. Inflazioaren eboluzioak, adibidez, ez du beti ongi esplikatzen biztanleko errentaren eboluzioa (ikus aurreko posta) eta ezta munduko esportazio guztien aldean lurralde batekoek iritsitako kuota ere (etorkizuneko post batean erakutsiko dugunez). Izan ere, biztanleko errentaren edo esportazio-kuotaren bilakaeraren atzean, inflazio edo prezioez aparte, beste zenbait faktore egon daitezke jokoan.

Horrek ez du esan nahi prezioei buruzko adierazleek esportazioak bezalako aldagaietan (eta, hauen bitartez, hazkunde ekonomikoan, enplegu-tasan eta biztanleko errentan) eragiten ez dutenik. Espainian eta EAEn hurrengo urteetan barne eskaria nahiko motel ibiliko denez gero, orain pairatzen ari garen langabezi tasa handiak irensteko beharrezkoa zaigun hazkunde ekonomikoa eman dadin bide bakarra daukagu: esportazioa. Horrelako kasuetarako, ekonomiak eman ohi duen irtenbide nagusia jakina da: debaluazioa. Eurogunean barneratutako herrialdeek, ordea, aukera hori galdu dute eta, Krugmanek hainbat aldiz aldarrikatu duenez, lehiakorrak izan daitezen, askoz zailagoa den barne-debaluazioari ekin beharko diote (hots, barruko alokairuak eta errentak beheratu beharko lituzkete).

Produktu baten prezioan eragiten duten kostuen artean lanari loturikoek berealdiko garrantzia dute. Horregatik, post honetan, horietaz jardungo dugu. Bi lizentzia hartu dut horretarako. Batetik, euskal estatistikek lan-kostuei buruzko datuen argitalpenaren atzerapena gainditzeko asmoz, 2012rako zenbait estimazio egin dut EAEren kasuan, dagoeneko argitaratu diren datu bakanetan oinarrituz. Bestetik, EAEko datuak Europako erregioetarako datuekin ─nahiko zaharrak eta partzialak direnak─  alderatu ordez, zenbait herritakoekin alderatuko ditut: ohikoak diren Espainia, EB-27 eta AEBkoez gainera, Alemania eta Txekiar Errepublikakoak ere hartu ditut, azken hauen espezializazio sektorialak EAEkoarekin duen antzagatik (Alemaniakoa eredu aurreratuagoa izanik, eta Txekia atzeratuagoa).

Bilakaerari dagokionez, lan-kostuei buruzko adierazleak hiru multzotan sailkatuko ditut: soldatapeko bakoitzeko lan-kostuaren eboluzioarekin zerikusia dutenak, lehenik; produktibitatearekikoak, bigarrenik; eta unitate bakoitzeko lan-kostuekikoak, hirugarrenik.

  1. Soldatapeko bakoitzeko lan-kostuaren eboluzioa termino nominaletan adieraz daiteke (SLKN); edo, aurrekoari urte horretako inflazioa kenduz, termino errealetan (SLKR). Deflaktatzeko prezio-indize ezberdinak erabil badaitezke ere, nik hemen, soldatapekoen eros ahalmenaz kezkaturik, kontsumo-prezioen indizera jo dut.
  2. Produktibitate edo ekoizkortasuna, enplegatuta dagoen langile bakoitzeko sortzen den balio erantsi gordinaz (termino errealetan adierazita) neurtuko dut.
  3. Unitate bakoitzean dagoen lan-kostuaren bilakaera aurreko bi aldagaiek mugatzen dute: zenbat eta gehiago ordaindu langileari, orduan eta lan-kostu gehiago erantsiko zaio produkzio-unitate bakoitzari; eta, aitzitik, zenbat eta handiago izan ekoizkortasuna, lan-kostua hainbat eta unitate gehiagoren artean banatuko da eta unitate bakoitzari lan-kostu gutxiago itsatsiko zaio. Kontuan izan, bestalde, unitate bakoitzeko lan-kostuaren eboluzioa termino nominaletan (ULKN) edo termino errealetan (ULKR) adieraz daitekeela. Lehenengoa egokiagoa da lan-kostuek inflazioan (eta, honen bidez, lehiakortasunean) duten eragina ikusteko. Bigarrena, aldiz, lan-kostuek enpresen marjinari egiten dioten ekarpena zenbatesteko.

1. Taula: Lan-kostuen bilakaera (2008 = 100)

Iturria: Eustat, Eurostat, Ameco. Neronek landua.

Luze joko luke, hau bezalako post batentzat,  1. Taulan jasotako datu guztien azalpen zehatza. Horregatik, esanguratsuen diren elementuak nabarmentzera mugatuko naiz.

a)      Alokairuen igoera nahiko bizia izan zen EAEn krisi aurretiko urteetan. Krisia agertu zenean Espainian eta EAEn alokairuen doikuntza atzeratu zen, eta, gainerako lurraldeetan ez bezala, soldatapeko bakoitzeko lan-kostu errealek igotzen segitu zuten, bereziki Espainian (besteak beste, hasieran suntsitutakoak eraikuntzari loturiko balio erantsi gutxi eta soldata apalagoko lanpostuak zirelako). Baina 2010etik aurrera alokairu errealak biziki murrizten dira Espainian eta EAEn, langabeziaren berebiziko igoerak eta lan-merkatuan Gobernuak egindako erreformek alokairuak beheratzeko presio itzela egin dutelako.

b)      Espainiako eta EAEko alokairuen bilakaeren artean antz handia badago ere, ez da beste horrenbeste gertatzen ekoizkortasunaren bilakaerarekin.

  • Krisia aurretiko urteetan, lehiakortasunaren hazkundea hutsaren hurrengoa izan zen Espainian; EAErena, aldiz, gainerako herri aurreratuenen parekoa.
  • Krisia lehertu ondoren, Espainiak larrialdietan bere ekonomia enpleguaren kontura doitzeko daukan joera gaiztoa agerian utzi du berriro: ekoizkortasuna handitzen da enplegu-galerei esker. EAEn, ostera, krisiaren ondorengo ekoizkortasunaren hazkundea gainerako herrialdeena baino biziagoa izan arren, Espainiakoarena baino askoz neurritsuagoa izan da. Horrek ahalbidetu du enplegu-mailari hobeto eustea EAEn Espainian baino.

c)       EAE izan zen 2005-2010 denboraldian ULKNren hazkunderik handiena izan zuen lurraldea (printzipioz, lehiakortasuna okerragotu egiten zuena). Espainian ere 2009 arte antzeko eboluzioa antzematen da, baina urte horretatik aurrera ULKNak erruz jaisten dira, lan-kostu nominalen igoeren moderazioengatik eta, batez ere, ekoizkortasunaren handitzeengatik. EAEn ULKNren makurguneak 2010 arte itxaron behar izan zuen. Urte horren ondoren ULKNren murriztapena nabaria bada ere EAEn, murriztapen hori ez da Espainiakoa bezain bortitza. Dena den, beste lurraldeetan 2010 urteaz gero ULKNak igotzen direla kontuan hartuta, azken bi urteetan EAEren lehiakortasuna hobetu dela pentsa liteke.

d)      Enpresen marjinari dagokionez, krisi aurretiko urteetan EAEko ULKRak (eta, ceteris paribus, enpresen marjinak) egonkor mantendu ziren: ekoizkortasunaren handitzeekin eta bere produktuen prezioen igoerekin berdindu egiten zuten enpresek soldatapeko bakoitzeko lan-kostuen igoera. Krisia lehertzen denean, EAEn ULKRak franko igotzen dira (eta, horrenbestez, enpresen marjinak uzkurtu). Espainian, aldiz, enpresen marjinen murrizketa ez da ematen, enplegu murriztuz ekonomiaren produktibitatea biziki igotzen delako. Baina 2010tik aurrera, EAE jarraikitzen zaio Espainia 2009an hasitako bideari  eta ULKRren beheratzen dira nabariki (enpresen marjinen suspertzea errazten duena).

Laburbilduz, lehiakortasunaren bilakaera neurtzeko erabili ohi den ULKNri so egiten badiegu, EAEk krisi aurretiko urteetan izandako lehiakortasun-galerari gehitu beharko genioke krisiaren lehenengo urteetan (2008-2010) izandakoa. Urte horretatik aurrera indize horretan hobekuntza galantak ematen hasten dira EAEn, beronen lehiakortasuna berreskuratzea ahalbidetu beharko lukeena. Doikuntza atzeratu bazen ere, azken urteetan aurrera egin du tinko alokairuen zein ekoizkortasunaren aldetik.

Beno, post nahiko astuntxoa atera zaigu. Gaia, garrantzitsua izanagatik ere, ez zen samurra. Azterketa gainera, partziala egin dugu: lan-kostuen bilakaerari begiratu diogu, baina ez orain duten mailari. Gainera, honek guztiak esportazioen eboluzioarekin duen erlazioa erakustera ez gara iritsi. Falta zaigun hori ongi prestatzeko denbora behar dugu. Aste Santuen atarian gaude eta denok, irakurleok zein idazleok, atsedenaldi bat merezi dugulakoan gaude. Horregatik, oporrak hartuko eta hurrengo posta apirilaren 8an zintzilikatuko dugu. Bien bitartean, ongi ibili!

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


marzo 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031