>

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra

@InakiErauskin

 

Aurreko ostiralean Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra izan genuen EHUko Bizkaia Aretoan Bilbon. Gaia “Hidrogenotik BIOekonomiara (Htik BIOra)” izan zen. Ekonomisten Euskal Elkargoak, Udako Euskal Unibertsitateak eta EHUk antolatu zuten biltzarra. Laburki aipatuko ditut bertan tratatutako gai batzuk.

EHUko Unai Tamayok (UPV/EHU), UEUko Kepa Sarasolak (UEUko Zuzendaria) eta Ekonomisten euskal elkargoko Ainhoa Saituak (Ekonomistak Euskal Elkargoa)  harrera beroa egin ondoren, hasierako gaia, Federico Krutwig-en mendeurrena (1921-1998) dela eta, berak euskal ekonomiari egindako ekarpena aztertzea izan zen. Goizeko aurkezpen guztietan Maialen Aginagalde (Mugarik gabeko ekonomialariak) izan zen moderatzailea.

Oskar Arantzabalek (UEUko Ekonomia Saila) “1963 “Vasconia”ren berrirakurketa ekonomikoa” egin zuen. Krutwig enpresako mundutik zetorrenez Euskal Herriak izandako espoliazio koloniala azpimarratu zuen, Euroeskualde baten sorrera proposatu (hizkuntza oinarria izanik), baita Europako Estatu Batuak, ikuspuntu antikapitalista eta antimarxistaren gainetik, ikuspegi sozialista liberala aldarrikatuz. Baleren Bakaikoak (UEU eta UPV/EHUko katedradun ohia)  “1984 Computer Shock eta ekonomiaren egoera berrirantz” aztertu zuen. Garai hartako ingurunetik abiatuz, aurrerakuntza lortzeko marxismotik liberalismora abiatzea proposatu zuen Krutwigek. Iraultza zibernetikoa zetorrela aurrikusiz, iraultza hori nola egin behar zen aldarrikatu zuen: Eliteetatik etorritako iraultza, jakintzak izan behar du bultzarri, Bilbo ardatz hartuta (munduko beste hiriekin ondo lotuz), Eibar-Bergara-Arrasate-Oñati laugunean oinarrituz, eta Sophopopolisa (25.000 pertsona inguruko hiria) Gernika inguruan sortuz, produktibitatea, jakintza eta zibernetika sustatuz. Vicente Huicik (soziologoa, S4SN, Chicagoko Unibertsitatea): “Zoon elektronikón eta cybertariat”-i buruz hausnartu zuen. “Computer shock” egungo egoerarekin lotu zuen. Lana liberatu nahi zuen zibernetikaren bitartez, Krutwigen hitzetan. “Zoon elektronikón” sarean konektatua, aktibazioarekin lan eginez eta memoria mugatukoa izanik, langilea “Cybertariat” bizi da zoon elektronikon gisa, lan espaziorik ez, lan denbora ez eta honek gugan izan dezakeen eragina zein izango den galdetu zuen.

Iñaki Dorronsorok (Eusko Ikaskuntzako lehendakari-ohia) “Hidrogenotik bioekonomiara (Htik BIOra)”ko solasaldia egin zuen. Egungo testuingurutik abiatuz, hidrogenoaren aukerak zeintzuk diren azaldu zituen. Hainbat bide daude hidrogenoa sortzeko eta guztia ez da berdea. Eskala handiko hidrogenoa sortzeko erronka handia da eta hor daude gaur egun zenbait proiektu, Petronor eta Iberdrolarenak, besteak beste. Egun kontsumoan %0,1 dator hidrogenotik, baina helburua 2050erako %10 izatea da.

Nik hazkundeari eta desazkundeari buruzko datuak eta gogoetak eman nituen. Hazkunde ekonomikoa fenomeno berria da historian, eta ongizate materialerako funtsezkoa. Horrek ekoizkortasunaren igotzea eskatzen du. Desazkundeak proposatzen du gutxiagorekin hobeto bizitzea. Nik ez dut hori posible ikusten, baina egungo ereduak aldatu behar du eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko karbonoa isurtzea zergapetu behar dugu eta trantsizio horrek gure etorkizuna determinatuko du ziur datorren urteetan. Ainhoa Saituak (EHU): “Planeta babestu behar dugu. Ingurumen arloko informazioaren kudeaketa” eta Izaskun Ipiñazarrek (EHU) “Jasangarritasunari buruzko adierazleak enpresen arlo soziala eta aginte ona hobetzeko”ari buruz hitz egin zute. Beraien ekarpen zehatzagoa hemen aurki dezakezu: “Helburua enpresa txiki eta ertainen (ETE-en) ustez adierazle egokienak zeintzuk diren aztertzea izan da, eta ondoren, informazioa nola eman dezaketen gomendatzeko gida bat proposatzea. Inkesta erantzun duten ETE-ek gehien balioztatu dituzten adierazleak, besteak beste,  hurrengo hauei buruzkoak izan dira: ingurumenaren arloan, energia eta uraren kontsumoa; hondakinen sortzea eta kudeatzea (berrerabilpena barne); arlo sozialean, langileen antzinatasuna, prestakuntza, hitzarmen kolektiboak babesten dituen langileen portzentajea eta absentismoa; eta gobernu korporatiboari dagokionez, Kontseiluaren bilerak, genero aniztasuna kontseiluan eta Erantzukizun korporatiboko kontseilariak.”

Ondorengo saioan Patricia Peinadok (EHU) “EAEko genero desberdintasunen bilakaera lan merkatuan (2002-2020)” azaldu zuen. Orokorrean genero-arrakala murriztu egin da atzeraldian eta handitu hazkundealdian eta EAEn arrakala txikiagoa izan ohi da langabezia, enpleguan eta jardueran, Espainiarekin konparatuz. Soldata arrakala, aldiz, EAEn handiagoa da egun eta igo eta jaitsi da azken urteetan. Maria Martinezek (EHU) “GIH, Administrazio-kontseiluetako genero berdintasunaren gaineko informazio dibulgazioa”ri buruz hitz egin zuen, goi mailako emakumeen % handiagoa duten enpresek balio erantsi gehiago eta arrisku gutxiago dutelaren hipotesitik abiatuz, Acerinox, Adolfo Dominguez, Mercadona, Euskaltel, Iberdrola, BBVA, eta Codere enpresetako datuetan oinarrituz, besteak beste.

Arratsaldeko lehenengo tailerrean “Krutwig eta ekonomia dolmenikoa”n “Antzinako euskal kolektibismoa” jorratu zen, moderatzailea Estrella Sanchez (Ekonomistak Euskal Elkargoa) zelarik. Xabier Renteriak (EHU), Euskal Sena Taldeko lanean oinarrituz Krutwigek Vasconia osorako EH komunala aipatu zuen, Biltzarren bitartez, horien artean Federazioa sortzea proposatuz independentziarantz. Juan Inazio Hartsuagak (antropologoa) Jentil-Aroaren/Dolmenikoaren (IndoEuroparra baino lehenagokoa) eta ikuspegi indoeuroparraren arteko konparaketa egin zuen, eta batetik nola mugitu garen azalduz. Beste tailerrean, “Ekonomia alternatiboa”ren barnean, “Euskal kooperatibismo modernoa”ri buruzko hizketaldia eman zuen Beñat Irasuegik (Olatukoop kooperatibakoak), moderatzailea Irati Cifuentes (Mugarik gabeko ekonomialariak) zelarik. Beñatek 2008ko krisiaren ondorioz kooperatibak sortzeko ekimenak ugaritu direla esan zuen. Olatukoopekoek horiek gauzatzen laguntzen dute eta hainbat adibide ipini zituen sortutako ekimen desberdinez, sektore desberdinetan. Bere ustez kooperatiba berriek hauek badute feminismo eta ekologismoaren bultzada oso indartsua.

Aurreko guztia, noski, nik ulertutakoa eta idatzitakoa da. Esaera zaharrak dioen bezala, “Gaizki esanak barka eta ondo esanak gogoan hartu”.

Dena den, Biltzarraren grabazioa YouTuben ipintzeko asmoa dute antolatzaileek.

Aspaldiko lagunak ikusteko eta lagun berriak egiteko aukera ona izan zen.

Hurrengo Biltzarra noiz? Hemendik 2 urtetara!

Bitartean izan ongi!

Eta eskerrik asko antolatzaile guztiei!

 

@InakiErauskin

 

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


noviembre 2021
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930