Lehengo astean Eustatek jakin arazi zuen Zamudio, Olaberria eta Zierbena zirela Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) biztanleko Barne Produktu Gordin (BPG) handiena zuten udalerriak (ikus hemen prentsa-oharra). Bertan aipatzen da ere udalerri horietan industria-jarduerak direla nagusi. Hiriburuetan Donostia da biztanleko BPG handiena duena (113, batez bestekoa 100 delarik), eta ondoren Gasteiz (105) eta Bilbo (101) datoz. Industria-jardueren garrantzia eta biztanleko BPG lotzea ez da berria. Nicholas Kaldor ekonomialari britainiarrak (baina Hungarian jaioak) “sortu” zuen ideia hori 1966. urtean eta horren inguruko ekarpenak Kaldorren legeak bezala ezagutzen dira.
Eustaten datuetara bagoaz aztertu dezakegu ea industria-jardueraren garrantzia eta biztanleko BPG erlazionatuta dauden. Horretarako EAEn 20.000 biztanletik gora dauden 18 udalerrientzat industria-jardueren BPG, BPG osoarekiko (ehunekotan) eta biztanleko BPGak hartzen ditut. 1.go Irudiak erakusten ditu datuak: Garbi ikusten da industria-jardueren BPG (ehunekotan) handiagoa duten udalerriek biztanleko BPG handiagoa dutela. Beraz, EAEko udalerrien kasua Kaldorren legea betetzea da. Dena den, xehetasun garrantzitsua kontuan hartu behar, prentsa-oharrak dioen bezala: “Datuak interpretatzerakoan, udal BPG eta udal-errenta bereizi behar dira. BPG ekoizpenari eta aberastasuna sortzeari dago uztartuta, eta ekoizpen-establezimendu garrantzitsuak dituzten udaletan jartzen du arreta. Errenta, aldiz, pertsonei eta haien bizilekuari dago lotuta.”
1.go Irudia. Industria-jardueren BPG (BPG osoarekiko ehunekoa) eta biztanleko BPG, 2012.
Iturria: Eustat eta neronek landua
Zergatik izan daiteke erlazio positibo hori? Kaldorrek industria-jardueren atzean ekoizkortasun handiagoa ikusten zuen beste sektoreetan baino, gehienbat eskalako ekonomia gorakorrak direla eta, antolakuntza hobeagoagatik, esperientziagatik, eta abar, tamaina handiagoarekin ekoiztean, kostu txikiagoan eta ekoizkortasun handiagoarekin ekoizteko ahalmena sortzen zelako. Ideia horren atzea, noski, aurrerakuntza teknologikoak leudeke, industria-jardueretan ezartzen direnak azkarrago, horrela hazkundea sustatuz.
Noski, zerbitzuak nagusi dira gizarte aurreratuetan (BPGaren bi heren, gutxi gorabehera), baina industriak, ikusten den bezala, badu zeresana oraindik …