>

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Crisis? What crisis? (I)

http://en.wikipedia.org/wiki/Crisis%3F_What_Crisis%3F

http://en.wikipedia.org/wiki/Winter_of_Discontent#.27Crisis.3F_What_crisis.3F.27

 

Post honetan eta nire hurrengoetan krisiaren hainbat alorretan aritzeko asmoa dut. Gaur ekoizpenaren hazkundearen eta langabezi-tasaren aldakuntzaren artean dagoen erlaziotik abiatuko naiz.

Justu aurreko astean ezagutu ziren Barne Produktu Gordinaren (BPG) datu berriak Euskal Autonomi Erkidegorako (Euskal AE): 2012an BPG %1,2 erori zen (ikus hemen). Hori, noski, ez da albiste ona. Egun batzuk lehenago Nazioarteko Diru Funtsak eman zituen urte honetarako eta hurrengorako proiekzioak (ikus hemen). Lehenengo Taulan daude datu hauek guztiak:

 

1.go Taula. Barne-produktu gordinaren hazkunde-tasak (%).

 

2011

2012

2013

2014

Mundua

3,9

3,2

3,5

4,1

AEB

1,8

2,3

2,0

3,0

Alemania

3,1

0,9

0,6

1,4

Frantzia

1,7

0,2

0,3

0,9

Italia

0,4

-2,1

-1,0

0,5

Espainia

0,4

-1,4

-1,5

0,8

Euskal AE

0,6

-1,2

-1,1

1,2

Txina

9,3

7,8

8,2

8,5

India

7,9

4,5

5,9

6,4

Iturria: Nazioarteko Diru Funtsa, Eustat, Eusko Jaurlaritza.

 

Garbi ikusten denez, munduko barne produktu gordinaren (BPG) hazkunde-tasa zertxobait igoko da, baina euroaren gunean errekuperazioa oso motel doa eta atzeratzen ari da. Zer esan daiteke Euskal Autonomi Erkidegoari buruz? Espainia baino zertxobait hobexeagoa doa, baina hori ez da kontsolamendu handia, ikusiak ikusita. Aurreikuspenek esaten dute zertxobait hobera goazela, baina mantso oraindik. Nik, onartu behar dizut, ez ditut guztiz serio hartzen ze esaera zaharrak dioen bezala … usteak erdi ustel.

Eta horrek zein ondorio dakar langabezian? Tresna bat lagungarri gerta dakiguke gertuko etorkizunari buruz hitz egiteko, hazkundeko hamarrenak gora, hamarrenak behera: Okun-en legea. Okunen legeak, herrialde baten BPGren hazkunde-tasaren igoerak langabezi tasaren beherakadekin erlazionatzen ditu. Noski, zenbat eta handiagoa izan hazkunde-tasaren igoera, orduan eta langabezi tasa txikiagoa. Kontuan izan ezazu ekonomiako “legeak” ez direla legeak (ez dira Moisesek emandako Hamar Aginduen baliokidea), errealitateari ahalik eta zentzu handienarekin egiten dizkiogun hurbilketa estatistikoak baizik (ikus post hau eta Nazioarteko Diru Funtseko ikerketa luze hau). Nahiz eta aldakuntzak jasan erlazio horrek, nahiko ona izan ohi da hurbilketak egiteko. Azkenaldi honetan zalantzan ipini da, krisiaren gora beherak direla eta, baina duela gutxi ere bizirik dirauela ziurtatu da (ikus hemen). Erlazio honetan, noski, aldagai askok eragiten dute, hala nola, lan merkatuaren funtzionamenduak (aldi baterako kontratuen garrantzia, langabezi sariak, kontratatzeko eta kaleratzeko kostuak, malgutasunak, …), merkatu finantzieroen gora beherak, eta abar.

Hona hemen nik neronek Euskal Autonomi Erkidegorako di-da egindako estimazioa. 1.go Irudiak erakusten du Okunen legea 1986-2012 urte bitarterako. Langabezi tasaren aldakuntzaren (y ardatzean) eta BPGren hazkunde-tasareren (x ardatzean) arteko erlazio negatiboa oso nabarmena da, espero genezakeen bezala. Zenbatetsitako erlaziotik, gutxienez, bi ondorio datoz:

  1. BPGren hazkunde-tasa %0 denean, orduan langabezi tasa %2,716 puntu portzentual igotzea espero litzateke. Gainera, BPGren hazkunde-tasa % puntu portzentual 1 igotzen den bakoitzean, langabezi tasa %0,936 puntu portzentual murriztea espero litzateke. Hori langabezi tasaren elastikotasuna da ekoizpenarekiko. Nazioarteko Diru Funtsak egindako ikerketan Espainiakoa 0,8 baino pixka bat handiagoa da. Nire estimazioa oso hurbil dago zifra horretatik. Deigarriena da Espainiak duela koefizienterik handiena duela aztertutako herrialde guztien artean.
  2. Zenbat hazi behar du BPGk langabezi tasa jaisten has dadin? %2,9 gutxienez (=2,716/0,936), hau da, BPGren hazkunde-tasa %2,9 bada, espero daiteke langabezi tasa ez dela handituko (ez jaitsi/ez igo). Hori baino gehiago hazten bada, langabezi tasa jaisten hasiko da. Zein erlaziotan? 1.go atalean esandakoan.

Ikus hemen eta hemen duela gutxi Espainiari buruz egindako bi ikerketa.

 

 

Iturria: Eustat eta neronek landua.

 

Noski, kontu handiarekin ibili behar da zenbaki hauek guztiz serio hartzearekin. Adibidez, 1994-2012 urte bitartea hartzen bada, lortzen den erlazioa y=-1,111x+2,057 da: elastikotasuna handiagoa da (balio absolutuan), 1,111, baina langabezi tasa jaisteko lortu behar den hazkunde-tasa txikiagoa  adierazten du, %1,85 (=2,057/1,111). Edo atzeraldi-krisi garaia hartzen badugu, 2008-2012 bitartean, orduan haruntzago doa: y=-1,292x+1,673 da; elastikotasuna are handiagoa (balio absolutuan), 1,292, eta langabezi tasa jaisteko lortu behar den hazkunde-tasa are txikiagoa , %1,29(=1,673/1,292).

Zein da hobeagoa? Horra hor errealitatearen komeriak …

Egoera oso berezia dela ikusita, ni azken bietan oinarrituko naiz, bien batez bestekoa kalkulatuz. Demagun elastikotasuna 1,2 dela eta BPG %1,55etik gora dagoenean hasiko dela langabezia jaisten. Zein aurreikuspen egin daiteke?

  • 2013. urtean langabezi tasa %3,2 puntu portzentual igoko da gutxi gorabehera (kontuan izan 2012ko langabezi tasa %12,1 izan dela, eta %12,8 2012ko 4. hiruhilabetekoan, Eustaten arabera; ikus hemen).
  • 2014. urtean langabezi tasa %0,4 puntu portzentual igoko da gutxi gorabehera.
  • Horrek uzten du 2015 langabezi tasa jaisten hasiko den lehenengo urte gisa, noski, BPGren hazkunde-tasa %1,55en gainetik badago.

Ikusiko dugu igarle gisa zer moduzkoa naizen. Time will tell

 

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


febrero 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728