>

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

EAEko esportazioak gure lehiakortasunaren adierazle?

Aurreko bi postetan herri baten lehiakortasuna neurtzeko dauden adierazle klaseez jardun dut (ikus hemen eta hemen). Gaurko postarekin, lehiakortasunean nola gabiltzan jakiteko maiz asko erabili ohi den beste adierazle batez arituko naiz: esportazioez. Lehendabizi lurralde baten lehiakortasuna neurtzeko esportazioek dituzten abantaila eta desabantailak agertuko ditut; eta, ondoren, (EAE) Euskal Autonomi Erkidegoaren esportazioen bilakaera azalduko.

Aurreko postean arakatutako lan-kostuen aldean ezberdintasun nabari bat dute esportazioek: inputeko adierazleak izan ordez, outputeko adierazleak dira. Hau da, lan-kostuak igotzen badira (input hori sartzen badut nire modeloan), esportazioek behera egitea espero liteke (nire modeloan output edo ondorioa hori izango da). Antzeko erlazioa ikusten genuen lehiakortasunaren neurketaz hasitako trilogia honen lehenengo postean: inflazioa handiagoa bazen herri batean (inputeko adierazlea), herri horretako biztanleko errenta okerragotzea espero zitekeen (outputeko adierazlea). Hori ez da, haatik, beti gertatzen, orduan egiaztatu genuenez: nahiz eta EAEn inflazioa beste tokietan baino hobeto ez joan, biztanleko errentaren bilakaera nahiko positiboa erakusten zuen gure herriak. Bada, oraingoan, antzeko zerbait ikusiko dugu lan-kostuen eta esportazioen bilakaeren artean. Horrek esan nahi al du lan-kostuek ez dutela zerikusirik esportazioetan? Ez. Lan-kostuen bilakaerak esportazioetan eragiten du. Baina lan-kostuez aparte, beste hainbat faktorek ere eragiten dute esportazioetan, eta batzuetan faktore horien indarra handiagoa da lan-kostuena baino. Oro har, zenbat eta sofistikatuagoa izan zure lehiatzeko estrategia, hainbat eta garrantzi gutxiago izaten dute lan-kostuek.

[Oharra: azalpen kontzeptual xume honen ondoren esportazioen indikadoreek planteatzen dituzten arazo metodologikoez interesaturik ez dagoen irakurlea joan dadila zuzenean, hurrengo lerroaldeak alde batera utzita, 1. Irudira eta haren ondoren egiten diren esportazioen datuen analisira]

Bestalde, lan-kostuen eta esportazioen arteko erlazioa aztertzeko garaian ez dugu ahaztu behar aldagai hauek berauek definitzeko edo aplikatzeko dauden zailtasunak. Lan-kostuak egokiro neurtzeko dauden zailtasunez aurreko postean aritu nintzen. Ager ditzadan, bada, ezer baino lehen, esportazioen datuak erabiltzeko dauden zenbait oztopo eta argitu beharreko puntu.

Esportazioekin argitu beharreko lehenengo gauza da guretzat zer den esportazioa edo zein esportazioz ari garen. Adibidez, EAEren esportaziotzat zer hartuko dugu: EAEtik kanpo saldutako guztia edo soilik Espainiatik kanpo saldutakoa. Nahiz eta formal eta teknikoki Espainian saldutakoa esportaziotzat kontsideratu behar den (horrela egiten du Eustatek, Euskal Estatistika Institutuak, irizpide tekniko hutsez, zenbait jenderen haserrea sortuz), lehiakortasunaren ikuspegi batetik, zuzenagoa dirudi EAEren esportazioen alderapena Espainiatik kanpo egiten diren salmentetan bakarrik zentratzeak. Izan ere, EAEko eta Espainiako merkatuetan aritzeko behar diren gaitasunak, nahiko antzekoak dira; aldiz, Espainiatik kanpoko merkatuetan jarduteko beste gaitasun batzuk behar izaten dira. Gainera, hori ez da, bakarrik, erregio bati planteatzen zaion dilema. Estatuei ere gero eta gehiago gertatzen zaie. Adibidez, zergatik kontsideratu esportazioa Espainiak Alemanian saltzen duena, eta ez kontsideratu, aldiz, AEBetako Texas estatuak Kalifornia estatuan egiten duena. Kasu horretan ere, AEBetako estatuentzat, AEBz kanpo egiten diren salmentak bakarrik hartzen ditugu kontuan; EBko estatuen kasuan, ostera, alderantziz jokatzen dugu (EB oraindik ere egiazko merkatu komun bat ez den seinale).

Beste arazo bat da zer esportazio hartu: ondasunenak bakarrik, edo ondasun eta zerbitzuenak, edo balantzaren kontu korronte guztiaren sarrerenak?. Izan ere, egitura produktiboan nekazaritzak eta industriak (eraikuntza kenduta) gero eta pisu gutxiagoa badute eta bien artean, balio erantsi guztitik herrialde aurreratuetan %20ra doi-doi iristen badira, zergatik zentratu esportazioen analisia hain murritza den ekonomiaren atal horrek ekoitzitako produktuetan? Luze joko luke dilema horretan batzuen eta besteen alde dauden arrazoiak xehatzeak, eta seguru asko, etorkizuneko beste post batean horretaz jardungo dugu. Hemen, arrazoi hirukoitz batengatik, ondasunen esportazioaz bakarrik arituko gara. Lehenik, datuen eskuragarritasuna eta gaurkotasunagatik: ondasunen esportazioei buruzko datuak eskueran daude (2012koak barne); zerbitzuenak, aldiz, askoz eskuragaitzagoak dira (bereziki EAErentzat) eta, gainera, haien fidagarritasuna askoz txikiagoa da (batik bat erregio batentzat estimatzen direnean). Bigarrenik, esportazio guztietatik hiru laurdenak ondasunenak izaten direlako, eta zerbitzuenak laurden bat besterik ez. Hirugarrenik, EAEko ekonomiaren bizkarrezurra industria delako eta, beraz, ondasunen esportazioetan zer gertatzen den jakiteak berebiziko garrantzia duelako.

Argitu beharreko hirugarren puntu bat da nola neurtuko ditugun esportazioak: bolumenean (hau da, termino errealetan) edo balioan (hau da, euro edo dolarretan, eta beraz, prezioek eta truke-tasek horietan duten eragina kendu gabe). Berriro ere, esportatutako bolumenen eboluzioari so egitea egokiena izango balitz ere, datuen eskuragarritasunagatik, eurotan esportazioek izandako eboluzioari begiratuko diogu gure analisian.

Azkenik, esportazioei bakarrik begiratzea arriskutsua da: herri baten salmentak kanpo-merkatuetan baliteke asko igotzea (eta, horrenbestez, herri horrek munduko esportazioetan duen kuota haztea), baina, aldi berean, herri horren inportazioak erruz emendatzea. Hau da, munduko esportazioetan kuota handitzea; baina barruko merkatuan zuen kuota galtzea. Hauxe gertatzen da, adibidez, herri bat kanpo merkataritzara irekitzen denean (Txinan, esate baterako). Aspaldian nazioarteko merkataritzan aritzen direnetan, ordea, fenomeno hori ez da horren maiz edo bortizki ikusten.

Azalpen metodologiko luze samar hauen ondoren, igaro gaitezen 2000-2012 urteetako esportazioen datuak arakatzera. Aro horren barruan bi denboraldi bereziko ditut: 2000-2008ko goraldi ekonomikoarena eta 2008-2012ko krisialdiarena (gutxienez, herrialde aurreratuetan). Herri guztietako esportazioak lehendabizi moneta unitate berdinean jarri ditut (eurotan) eta gero, zenbaki indizeetara pasa, 2008ko esportazioen datua berdin 100 eginez.

1. Irudia: Esportazioen balioen bilakaera 2000-2012 urteetan (2008 = 100)

Iturria: Unctad eta Eustat.

EAE: Euskal Autonomi Erkidegoa; ES: Espainia; CZ: Txekiar Errepublika; DE: Alemania; AEB: Amerikako Estatu Batuak

Zein dira, bada, 2000-2008rako denboraldian aurkitzen ditugun fenomenorik deigarrienak?

  • Herri gehienetan esportazioak handitzen badira ere, hazkunderik handienak garapen bideko edo trantsizioko herrialdeetan gertatzen dira, Txekiako lerroak eta datuek agerian uzten dutenez. Gehienetan garapen bideko eta trantsizioko herrialdeak munduko merkataritzara irekitzen ari dira eta haietan, esportazioekin batera, inportazioak ere handitu ohi dira.
  • Europako herrialde aurreratuetan esportazioen hazkundea antzeko samar izan zen, eta AEBetakotik nahiko ezberdina (azken honetan bi joera kontrajarriak antzeman zitezkeen: 2000-2003 eta 2003-2008 bitartekoak).
  • Europako ingurumari horretan EAEko esportazioek ongi samar eboluzionatu zuten: 2000-2003 urteetan geldituta egon ondoren, 2003-2008 aldian gorakada nabarmena izan zuten. Horren ondorioz, 2000-2008 denboraldi osoa hartuta, EAEko esportazioen hazkundea apur bat handiagoa izan zen Europako herrialde aurreratuena eta munduko batez bestekoarena baino. Edo bestela esanda, EAEren kuota munduko esportazioetan hazi zen. Diodan, bidenabar, antzeko aldi-banaketa daukagula ekoizkortasunaren bilakaeran EAEn: Espainian gertatzen ari zen bezalaxe 1998-2003 ekoizkortasunaren oso hazkunde motelak egon ziren EAEn; baina 2004tik aurrera, Espainian ekoizkortasunak motel segitu bazuen ere, EAEn emendatzen hasi zen ziztu bizian.
  • Esportazio-kuotek aditzera ematen duten lehiakortasunaren bilakaera ez dator bat unitate bakoitzeko lan-kostuen bilakaeratik (ikus nire aurreko posta) espero zitekeenarekin. Krisi aurretiko urteetan bai unitate bakoitzeko lan-kostuak eta bai truke tasa (hots, benetako truke-tasa erreala) handitzen ari ziren EAEn eta Espainian, eta, hortaz, lehiakortasuna okerragotuko zela pentsa liteke. Baina esportazioen balioen bilakaerari begiratuta, hain zuzen kontrakoa aurkitzen dugu.

Lan-kostuen adierazleekin zenbatetsitako truke-tasa errealak eta esportazioek Espainian izandako bilakaera kontrajarria azaltzeko, hainbat faktore aipatu izan dira (seguru aski, EAEn ere aplikagarriak izan litezkeenak). Espainiako enpresetan dagoen dualismoa (hots, bi multzo oso ezberdinak); produktuen kostu eta prezioen igoerak produktuetan egondako kalitate hobekuntzak jasotzeko duten ezintasuna; esportatzen diren produktuen konposizioan egondako aldaketak… Post honetan ez dugu arrazoi horietaz jarduteko betarik, baina irakurle interesatuak De la Dehesaren eta Antrasen azalpen labur eta argigarri batzuk aurki ditzake hemenhemen eta hemen.

Igaro gaitezen, orain, hurbilen zaigun denboraldira: 2008-2012 urteetara, alegia. Aro horretan nabarmentzen diren fenomenoak ondokoak dira:

  • 2009an nazioarteko merkataritzan egondako atzeraldi bortitzaren ondoren, berriro ere munduko esportazioak handitzen dira eta 2009tik aurrerako esportazioen batez besteko hazkundea biziagoa da krisi aurretik zegoena baino.
  • Europako herrialdeetan esportazioen hazkundea motelagoa da AEBetan eta, oro har, munduko batez bestekoan baino. Besteak beste, Europako merkatuen geldotasunari zor zaio hori. Izan ere, Europako herrien esportazioak neurri handi batean gainerako herri elkartekideen merkatuetara doaz (Espainiako eta EAEren kasuan, bi heren, gutxi gorabehera), eta merkatu horietan eskaria uzkurtuta dagoenez, haietan salmentak emendatzea nekezago gertatzen da.
  • EAEn 2009ko esportazioen beherakada handiagoa izan zen beste herrialdeetan baino. 2009tik aurrera euskal esportazioak suspertzen hasten dira beste herrialdeetako erritmo antzekoan. Baina 2012an, beste herrialdeetan (eta Espainian) ez bezala, EAEko esportazioak gelditu (eta are apur bat murriztu) egin dira.
  • Berriro ere, lan-kostuen bilakaeraren eta esportazioenaren artean erlazio automatikorik ez dagoela ageri zaigu: Txekian eta AEBetan unitateko lan-kostuak gehiago igo dira (eta AEBen kasuan, gainera dolarra garestitu da 2008ko tasaren aldean) eta, hala ere, haien esportazioen balioen hazkundeak ez nolanahikoak izan dira.

Zerk esplika lezake EAEko esportazioen bilakaera txarrago hori?

Arrazoi garbi bat esportazioen merkatuena izan liteke. EAEko esportazio gehienak EBko herrialdeetara doaz eta merkatu horietan eskaria aski geldituta dago. Horrek EAEko esportazioen hazkundea eragotzi edo balaztatu du nonbait. Dena den, arrazoi hori berori Espainiaren kasuan ere aipa liteke. Eta, hala eta guztiz ere, Espainiako esportazioen bilakaera krisialdian askoz hobea izan da EAEkoena baino. Zein dira, bada, Espainiako eta EAEko esportazioen bilakaera ezberdinaren atzean egon daitezkeen arrazoiak?

Arrazoi garbienetako bat unitateko lan-kostuak dira: 2008tik 2012ra Espainian 5,8 puntu gutxitu dira eta EAEn, aldiz, 2,2 puntu igo (ikus nire aurreko posta). Hala ere, 2010etik aurrera unitateko lan-kostuen bilakaera hori guztiz aldatu da EAEn: 2010-2012 urteetan 3 puntu jaitsi dira EAEn. Dena den, EAEko unitateko lan-kostu nominalean hasitako neurritasuna oraindik ere ez da bere fruitua ematen hasi.

Batek galde lezake: zergatik 2000-2008 urteetan lan-kostuen igoerek ez dute ia eraginik izan esportazioen bilakaeran eta orain bai? Gorago esan dudanez, esportazioen bilakaeran lan-kostuek bakarrik eragiten badute ere, kostu hauen eragina ezin da baztertu edo alde batera utzi. Areago, krisialdietan ekonomialari tradizionalek beharrezko jotzen duten barne-debaluazioak (hots, lan-kostuen jaitsierak eta) eraginkorragoa dirudi (behintzat, Espainian eta agian EAEn). Krisialdietan enpresek produktu-berrikuntza eta dibertsifikaziora jo ordez, erantzun tradizionaletara jotzen dute antza (kostuak kontrolatzera, esperimentuak alde batera uztera, aktibo ukiezinetan ez inbertitzera…). Salbuespen bakarra, esportazio-merkatuetan ematen da: barne-merkatua erori zaienez  eta beste erremediorik ez dutenez gero, enpresa askok esportatzeari eta merkatu berriak irekitzeari ekiten dio. Gainera, etxeko merkatua atzeraka doanean eta langabezia arazo larri bilakatzen denean, esportazioetan aurrera egitea ahalbidetzen duten faktore guztiez baliatu beharra dago, haien eragina txikia izanagatik ere.

Espainiako eta EAEko esportazioen beste faktore bereizle bat, batak eta besteak esportatutako produktuen konposizioa da. Oro har, Espainiako kanpo-merkataritza kontsumo-ondasunetan oinarrituta dago, eta EAEkoa ekipamendu eta bitarteko ondasunetakoan. Krisialdiekiko sentiberenak azken hauek dira, atzeraldi ekonomikoek inbertsioari kontsumoari baino gehiago erasaten diotelako.

Dena den, Espainiako eta EAEko emaitza ezberdin hauek azaltzerakoan, zalantza ere gelditzen zaigu ea oraingoan EAEko enpresak ez ote diren motelago ibili Espainian sortzen ari omen den (ikus hemen) enpresa talde dinamikoa baino (tamaina handiagoko enpresez osatua). Zalantza edo kezka horri, ordea, ezin erantzun edo baieztapen garbirik eman. Esan beharrik ez, oraindik asko falta zaigu ongi karakterizatzeko EAEko enpresen internazionalizazioa.

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


abril 2013
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930