Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KAIOLA ETA BIZIKLETA

Edo, hobeto esan, “kaiola ibiltaria eta bizikleta estatikoa”: horra gaurko nire irudipenen titulua osorik emana. Nahiago nuke, bost kuarto baino, hala kaiolarena nola bizikletarena ere, amets faltsuak balira, begitazio hutsak, uste ustelak… Errezeloa dut, ordea, egia bete-beteak ez ote diren gurean; aspaldiko errealitate gordin beti batekoak, alegia.

Telebistan ikusita dakart kaiolarena. Urrutiko lurretan (ez dakit, bada, Txina osoan edo Hong Kongen, ala bietan), kaiolako txorien parkeak omen dauzkate; txori eta parke oso bere-bereak, ukiezinak. Zuhaitz, urmael eta lorategi arteko ibiltoki luze-zabalak dira, ezker-eskuin dendariz beteak, hegaztientzat janariak salgai. Azokak. Jendeak, bakoitzak bere txoria(k) kaiolan sartu eta eskuan hartuta, batera eta bestera paseatzen du harroki, txoria bera naturan “libre” senti dadin, jabearen alabantzan goraki “kanta” dezan. Basoa eta erreka eta haizea nagusiari zor balizkio bezala hegazti eskumendekoak; «hegoak ebaki banizkio, nirea izango zen» aitortu beharrik gabe…

Bizikletarena, berriz, egunkarian irakurrita dakart. Asko gustatu zait Agus Hernan-ek, Foru Sozial Iraunkorreko koordinatzaile irundarrak, esana: «Irudipena da bizikleta estatiko batean gabiltzala; pedalkada, beti leku berean». Agusek berak espetxeetako politikaz eta mugimenduaz dio hori; baina, nago ni, horretarako baino askoz ere adiera zabalagorako balio duela bizikleta geldiaren eta etengabeko pedalkaden zera horrek. Adibidez, euskararen erabileraren alegoriarako; esate baterako, Euskal Herriaren nazioarteko behin betiko aitortzarako; hala nola, gure herriaren erabakitze eskubidearen alderako. Etab.

Ez esan, gero, niri imajina politak (barka, politak ez), imajina aproposak ez direnik arestian aipatu ditudan bi-biak, euskal herritako euskaltzale eta abertzaleen urteetako (zer urteetako…!; mendeetako) abelera aldakaitz beti-bateko honen parodiarako. Batetik, naturan natural bizi garelakoan gaude, libre ustean kantari hastean, kaiola barruko salto-hegaldi motzetan, nagusiak bere nahierara noiz ura jarriko, noiz zenbat zer alpiste eskainiko… Bestetik, berriz, “Euskadi, auzo lana” lema eta tema harturik, urte amaigabeetan dihardugu herrigintzan, euskalgintzan, askagintzan, -gintzan eta -gintzan, jo eta ke alfer-alferrik (edo alferrik samar), gure bizikletak apenas duelako aurrera batere egiten, pedalkadarik motelenean bezalaxe pedalkadarik amorratuenean.

Ni ez naiz nor konparatzen hasteko gerra aurreko, gerra osteko, laurogei garren hamarkadako edota gaur egungo euskaldunon (euskara dugunon) egoera, abelera eta parada politiko, sozial eta kulturala. Nik hauxe besterik ez dakit: aldian-aldian, egoeraren aztarnak hartzen direla, aldian aldiko eran; eta orain dela gutxi, lautik hamaseira bitarteko 180 gaztetxo euskalduni egindako inkestak dionez, honakook omen dituztela idolo eta heroi nagusi gure umeek: Pablo Motos, Cristiano Ronaldo, Shakira, Leo Messi eta Clara Lago. (Edurne Pasaban eta Julen Lopetegi ere ageri omen dira azken hondarrean).

Nora begira dauzkagu gure ondorengoak? Nora!? Non da euskaldunok bereizten gaituen kultura? Non…!? Ez ote gabiltza, aspaldian, nagusiaren ximaurretatik geure zirinetara…? Bistan da, kaiola ate itxitik urrutietara begira segitzen dugula. Bistan da, gure bizikleta estatikoa dela… Hitzok potoloegiak dira, akaso; egia potoloak, agian. Hortxe dago koxka.

Bizargorri, 2018-08-08

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2018
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Contenido Patrocinado