Greziako mitologiaren arabera, errege izan zen Midas, Kristo aurretiko zazpiehun eta hamabosgarren urtean Frigian jaioa. Mundu guztian ezaguna da, oso ezaguna, hark omen zeukan dohain aparta: alegia, ukitutako guzti-guztia urre bihurtzen omen zuela. Famatua izana da, hortaz, Midas; famatua eta inbidiatua. Nahiz eta, mitologia berberak dioenez, goseak eta egarriak jota, errukarri, hiltzeko zorian zegoela, jainkoari dohain miragarri hura kentzeko eskatu omen zion… Dakiguna da hori guztia. Baina, dakiguna, ur ttantta bat besterik ez omen da, ez dakigunaren ozeanoaren aldean. Aditu ondo Ovidiok zer kontatzen digun Midasi buruz…
Apolok, jainko greziarren arteko ederrenak, eta Panek, artzainen jainkoak, lehia eta auzia zeukaten bien artean: ea bietan nork jotzen ote zuen musikarik onena, atseginena, kategorikoena… Apolok eta Panek Tmolo mendia hartu zuten auzi-epailetzat. (Bai, bai: mendia epaile; mitologiako beste misterio bat gehiago). Tmolo mendiak nor garaile jarriko, eta Apolorena omen zela musikarik onena: hala zuen betiko erabaki. Midas erregea mendi horren magalean ingurutxoa jo zale zen, eta ez zuen erabakia onartu: Midasek Panen musikari irizten zion hobea, eta ez, inola ere, Apolorenari. Eta hala aldarrikatu zuen sutsu bere inguruan sarri.
Gizonen munduan ez zen erregerik Apolori pipa joko zionik. Jarri zen haserre ero eta bero, eta mendekua hartzea pentsatu zuen. Gisa honetan egin zuen bere artean: «Midas errege arraio horrek belarri onik ez badik, nik erakutsiko zioat musika entzuten!». Eta asta-belarriak jarri zizkion: bi belarriak luzatu zizkion, ilez bete zizkion eta mugitzen zirela utzi, parabolikoak balira bezala.
Lotsagarri geratu zen noski Midas erregea, eta tiarapean, bere kapelu handi dotorearen azpian, ezkutatzen zituen belarritzarrak inoren aurrerako. Bazeukan, ordea, morroi ile-apaintzaile bat, eta buruko ilea luzatu ahala moztuko bazion, agerian jarri behar derrigor bi zera zatar haiek… Morroi ile-apaintzaileak jakin zuen, hortaz, belarrien metamorfosia harrigarri haren berri. Jakin bazuen, jakin zuen: handik aurrera komeriak; komeriak, baldinbaitere! Alde batetik, zigor izugarriren baten beldur, ezin esan zion inori asta-belarri haien sekretua; bestetik, baina, ezin eraman zuen isilean, inori kontatu gabe, berri barregarri hura.
Hala, behin, isilik gehiago egon ezinda, ilun-hartze aurreko ordu batean, erregearen palaziotik bazter apartekora joan, eta lurrean zulo bat egin zuen zarraka-zarraka. Eta ondoren, belauneko jarrita, makurtuta, hantxe esan zuen hitz estalitan erregearen alimaleko belarrien notizia, bere sekretua lurpean gera zedin betiko. Zuloa estali zuen gero lurrez, eta kito. Arima arinago eta burua lasaiago zuela itzuli zen gizona atzera gortera, eta handik aurrerako guztian, ezer ez zuen aitortu, ezta aitatu ere, inon inoiz.
Zuloa egin zueneko tokian arrosa-arbola ernatu zen negu hondarrean. Udaberrian arrosak ziren loratu arbola haren adarretan, eta udaran, jendea ingurumarian paseoan zebilela, haizeak zorrotz jotzen zuen aldiro, hala esaten zuten mar-mar, hitz estalika, arrosek: «Midaserregekastabelarrittu. Midaserregekastabelarrittu. Midas erregeak asta-belarriak ditu. «Bizargorri», 2018-08-14