BI AMONEN ESANA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BI AMONEN ESANA

Abuztuak gaur du azken eguna: akabo oporrak, bidaiak eta bisitak jende askorentzako. Sartu da bakoitza, eta beharrik, bere eguneroko lan ildoan, egitekoen arrastoan. Gehientsuenek, izan ere, lanari bakea eman alde, jaiak hartuak zituen oraintxe arte, ohitura aspaldikoaren legera, uztailez ez bazen abuztuz, hamabost edo hogeitaka egunetan, nork bere atseginetarako. Osasuna, bakea eta lapiko betea. Ondo. Hala bedi beste urte askoan, denentzat…

 

Jendea hor ibili da bizimodu kriskitintsuan, usadio zaharrak hala agintzen omen du-eta, festarik festa, bazterrik bazter, etxerik etxe. Etxez etxe, bai… Hain zuzen, bisitak urte guztian zehar ere egiten diren arren, badirudi opor garaian maiztu, ugaritu egin direla azkenaldian: aspaldiko lagun zahar bat ikusi, urrutiko osaba-izebak agurtu, kostaldeko ahaideak bisitatu, harako zereko zera hura zeratu… Entenditzen didazu oso ondo, irakurle argi horrek.

 

Horretara netorren: inor bisitatzerakoan, opor izan zein ez, beti izan da ohitura zerbait esku-erakutsi eramatekoa bisitatuari, kortesiaz, gizabidea baita kulturaren oinarri. Usantza on hori, ordea, badirudi pikotara joan dela. Oraingo egunean, ordubete lehenago telefonoz deitzen dizute «hemen gatoz sartu-irten bat egitera» esanez eta, istant batean, prest dauzkazu bazkaltzeko eta afaltzeko. Azpeitialdean esaten duten moduan: «Jan-txakur franko badiagu etxe bueltan».

 

Eta hari horrixe lotuta dakartzat gaur bi amonen esanak. Lehena, euskalduna, gure Ana Joxepa amandre zena, Zeraingo Aizpean jaioa, gaztetan Aizkorrin artzain ibilia. Hark hala esan ohi zigun, hitz estalika, beheko suaren bueltan bilobok bilduta: «Inoren etxera bisitan bazoazte inoiz, atea eskuz kaxk-kaxk! ez; oin punttekin, ostiko txikiz zart-zart! jo behar duzue». Eta barre egiten zuen… Ez dakit oraingoan ulertu didazun; neuk ere ez nion orduan sentidurik hartzen gure amonaren esanari. Gaur badakit ondo asko zer esan nahi izaten zuen, ondo asko badakidanez, kuanto!, atea ostiko txikiz jotze horrekin…

 

Bigarren amona katalana da. Ez gurea, ikastolako nire ikasle ohi irundar batena, baizik. Amona hori Katalunian bertan bizi izan da betidanik eta aurten, abuztuz bueltan-bueltan, joan zaio biloba irundarra, andrearekin batera, bisitan. Behin hirira iritsirik, deitu dio bilobak telefonoz: «Hemen gara; bideak gosea berekin du; bagoaz…». Eta amonak etxetik bere esplikazioak, xeraz; katalanez:

—Bizi naizen eraikuntza gogoan izango duzu, noski, non den, ez da…? Ba, atariko atean, atezain elektronikoaren panel handi bat duzue. Ni bizi naiz 301. apartamentuan. Beraz, 301. botoia ukondoz jo kank!, eta nik segituan irekiko dizuet atea. Igogailua eskuinetara ikusiko duzue. Sartzen zaretenean, 3. botoia sakatu ukondoz, kank! Behin goian zaretela, nire apartamentua ezkerreko aldean duzue; ezagutuko duzu. Zuek jo txirrina ukondoz eta…

—Amona –artean telefonoz biloba irundarra–, badakit hori dena; erraza da. Baina, baina…, zer dela-eta jo behar ditugu botoi guztiak ukondoz, e…?

—Hara bestea… Bai, arraioa! Ez zineten, ba, esku hutsik etorriko, ala…!?

 

Bizargorri, 2016-08-31

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2016
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031