(“Ekonomia, ergela” izan zen Estatu Batuetan 1992ko hauteskundeetako kanpainan Bill Clintonek erabilitako esaldia George H.W. Bush-en (Aita) aurka. Nahiz eta 1988-1992 agintaldian Bushek aldeko emaitza politiko asko lortu, galdu egin zuen hauteskundeetan ekonomiaren martxa kaskarra zela eta .)
Duela gutxi Ekonomi Lankidetzako eta Garapeneko Erakundeak (ELGE, OCDE) atera berri du hazkunde ekonomikoaren inguruko erreferentzi interesgarria (ikus hemen) eta berriro ere azpimarratzen du aldagai makroekonomiko garrantzitsuena zein den: ekoizkortasuna, hau da, langileko/orduko ekoizpena. 1.go Irudiak erakusten duen bezala, langileko ekoizkortasunaren hazkundea jaisten joan da azken 50 urteetan G7ko 4 herrialde esanguratsuenetan (besteetan ere), nahiz eta berrikuntza teknologikoak eta heziketa mailak aurrera egin, tarte honetan. Espainian ere antzeko joera eman da, 2. Irudiak azaltzen duen bezala.
1.go Irudia: Langileko ekoizkortasunaren hazkundea 4 herrialdetan (urteko ehunekotan)
Iturria: ELGE.
2. Irudia: Langileko ekoizkortasunaren hazkundea Espainian (urteko ehunekotan)
Iturria: ELGE eta neronek landua.
Horregatik azkenaldi honetan egin ohi den galdera ondorengoa da: ekoizkortasunaren hazkundearen moteltzea iragankorra al da? “Betirako” al da? Edo makromagnitudeak gaizki neurtzearen ondorioa al da, ekonomiaren digitalizazioa (Big Data, AirBnb, Uber, …) dela eta? Digitalizazioak bi arrazoirengatik azpibaloratu dezake Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea. Batetik kontsumitzailearen soberakina dago: ondasun bat erosteagatik zenbat ordaintzeko prest zauden eta ordaintzen duzunaren arteko diferentziari deritzaio, hau da, soberakinak kontsumitzeagatik lortutako etekina neurtzen du. Teknologia berrien kasuan hainbat ondasun “dohainikakoak” dira eta, beraz, BPGn egiten duten ekarpena txikia da, baina soberakina, aldiz, “handia”. Beraz, BPGk “benetako balioaren” ekarpena azpibaloratu dezake ondasun teknologikoen kasuan. Bestetik, BPGren deflaktatzailea dago, BPGko batez besteko prezioen indizea: teknologia berrien kasuan ohiko prezioen indizeak ez du hain ondo jasotzen ondasun teknologikoen prezioen bilakaera, prezioak merkatzen doazelako eta teknologiaren kalitatea hobetzen doalako: deflaktatzaileak gainbaloratu egiten du prezioen gorakada eta, beraz, BPGren igoera azpibaloratu egiten da baita ere. Beraz, BPGren ekarpena datuek diotena baino handiagoa litzateke, berriro ere.
Garbi dago, Irudiak begiratuta, ekoizkortasunaren hazkundearen moteltzea “aspaldiko” gauza dela, hau da, krisia eta digitalizazioa iritsi aurretiko fenomenoa dela. Baina zer esan digitalizazioaren eraginari buruz?
Azken ikerketek diote digitalizazioaren eragina txikia izan dela eta, beraz, ekoizkortasunaren hazkundearen moteltzean ez duela zeregin handirik izan. 3. Irudiak erakusten du eragin horren kuantifikazioa Byrne, Fernald eta Reinsdorf ekonomilariek berriki egindako lanean (ikus hemen lana), 3. Irudian erakusten duen bezala: doikuntzak txikiak dira eta ekoizkortasunaren hazkundearen moteltzeak hor darrai. Antzeko emaitzak lortu ditu beste lan batean beste ekonomilari batek (Syverson).
3. Irudia: Orduko ekoizpenean egindako doikuntzak (urteko ehunekotan)
Iturria: Byrne, Fernald eta Reinsdorf
Ekoizkortasunaren hazkundea moteldu da, beraz, baina zer egin ekoizkortasunaren hazkundea hobetzeko? Hortxe dago koska …