>

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Zer egin beharko litzateke osasun-sistema hobetzeko? (II)

Nire aurreko postean, osasun-sistema publikoari buruzko datu batzuk eskaini nituen eta horietatik ondorioztatu nuen osasun-sistema publikoa nahiko ondo dabilela, baina hobekuntzak egiteko marjina badagoela baita ere. Post honetan osasun-sistemaren erronkak eta erronka horiei aurre egiteko ekimenak aipatuko ditut. Horretarako, duela gutxi argitaratutako lanetan oinarrituko naiz. Berriki, Osasunaren Ekonomiaren Elkarteak oso txosten interesgarria argitaratu du (ikus hemen). “Nada es gratis” blogak ere hori tratatu du hainbatetan (ikus hemen azkena). José María Abellánek zuzendutako eta ildo bereko txostena argitaratu zen ere 2013ko maiatzean, BBVA Fundazioak lagunduta (ikus hemen).

Adituek diote osasun-gastu publikoaren determinante nagusiak, garrantzi gehiagotik gutxiagora ordenatuta, ondorengoak direla: ospitaletan erabiltzen diren bitarteko kontsumoaren hazkundea biztanleko, ospitaletako langileen batez besteko soldataren hazkundea, langile-kopuruaren hazkundea ospitaletan eta lehen-harrerako zentroetan, eta lehen-harrerako zentroetako langileen soldataren hazkundea. Aldagai horien guztien elastikotasuna 0,1 baino handiagoa da, hau da, osasun-gastu publikoa %1 jaitsi daiteke gutxienez, baldin eta determinante nagusien balioa %10 jaitsiko balitz.

Aurreko postean esan nuen bezala, Erkidego Autonomoen eskuetan dago nagusiki Espainiako osasun-sistemaren kudeaketa. Osasun-sistemak, jatorritik, ekitate arazoak dauzka, ez baitaukate antzeko biztanleko finantzaketa. Batetik, Euskal Autonomi Erkidegoak (EAE) eta Nafarroak erregimen berezia dute Kontzertu Ekonomikoa eta Itunaren bitartez. Bestetik gainerako Erkidegoek finantza-erregimen komuna dute, eta hauetan biztanleko finantzaketan dauden desberdintasunak ez dira gutxitu. Baina egungo sistema sostengarria al da? Adituek kalkulatu dute Espainiako ekonomiako Barne Produktu Gordinak (BPG) zenbat hazi beharko lukeen osasun-gastuak izan dezakeen igoerari aurre egiteko baliabide nahikoak izateko. Elastikotasun txikiena Galiziak dauka: Espainiako hazkundea %0,8 bada bere osasun-sistema sostengarria izango litzateke. Aldiz, EAE, Nafarroa, Balear Irlak eta Extremadurak %3ko hazkundea eskatzen dute. Hau, noski, ez da albiste ona, eta erreformak eskatzen ditu.

Zer egin beharko litzateke? Hiru gai garrantzitsu aipatuko ditut. Lehenik, osasun-sistemaren ereduaren aldaketa egongo litzateke. Finantzaketak eta estaldura publikoak, nolakoa izan behar du? Adituek proposatzen dute sistema aldatzea, hasierako “statu quo”-ak aldatuz, osasun-sistema desberdinak koordinatzeko funts berezia sortu, eta Erkidegoen Likidezia Funtsa osasun-sistema guztien kalitate minimoak bermatzeko erabili. Bestetik, kontuan izan behar da osasun-gastua hiru estaldurek determinatzen dutela:

  • Biztanleria: Osasun-laguntza jasotzeko eskubidea. 2012ko erreforma baino lehenago, Espainian egoiliar erregularra izateagatik eskubide hau zuzenean bermatzen zen. 2012ko erreformaren ondoren aseguratuak eta onuradunak dira estaldura dutenak bakarrik (landunak, langabeak, euren familiak, …), egoiliar irregularrak kanpoan utziz, adibidez. Horretarako, adituek proposatzen dute, besteak beste, sistema unibertsalagoa izatea. Horretaz gainera,  Europako Erkidegoko biztanleei aplikatzen zaien sistema hobetu beharko litzateke, “osasun-turismoa” ekiditeko.
  • Prestazioak: Osasun-sistemaren zerbitzuen zorroa, hau da, lehen arreta, arreta espezializatua, botika-prestazioa, prestazio osagarriak eta osasunaren informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak. Zorroa homogenoa da Espainian, baina Erkidego Autonomoek hori zabal dezakete (baina ez gutxiago eskaini). Nahiz eta kostu-eraginkortasun printzipioa aipatu, praktikan apenas erabiltzen da zerbitzuen zorroa ordenatzeko. Eta hau errotik aldatu behar da eraginkorragoa izateko.
  • Gastua: Erabiltzailearen ekarpena. Hau beherago landuko dut (koordainketa).

 

Bigarrenik, nola antolatu eta kudeatu behar da osasun-laguntza? Publikoa edo pribatua? Erreformak egitearen beharra ez du krisi ekonomikoak sortu, areagotu baizik. Erreformen helburua bai efizientzia gehiago eta bai kostu txikiagoa lortzea da zerbitzu publikoak ematerakoan. Osasun-zerbitzuak emateko moduak oso desberdinak dira (ikus hemen):

  • Zuzeneko kudeaketa. “Betikoa”. Honekin batera sartu dira, batetik, kudeaketa teknika berriak erabiltzen dituzten institutu klinikoak (gerentzialismoa bezala ezagutzen dena) eta, bestetik, pertsonalitate juridikoa duten erakunde autonomoak, eta abar (pribatizazio “formala”).
  • Zeharkako kudeaketa (pribatizazio “funtzionala”). Honen barnean daude:
    • Langile autonomoen kontratazioa, bai independenteki, baita sozietate kooperatiboen bitartez (“Elkartasun-Oinarriko Erakundeak” Kataluñan).
    • Kontzertu eta hitzarmenak.
    • Publiko-Pribatuko Lankidetzak (PPP, Public Private Partnership), zerbitzu-kontratu baten bitartez:
      • Obra publikoko kontzesioak (PFI, Private Finance Iniciative). Erakunde pribatuek eraikitzen dute eraikina eta bertako zerbitzu osagarriak kudeatzen ditu (garbiketa, janaria, …), baina osasun-zerbitzuak ez.
      • Kontzesio administratiboak (Alzira eredua). Erakunde pribatuek eraikitzen dute eraikina eta  zerbitzu guztiak ematen dituzte, osasun zerbitzuak barne.

Azken urteotan formula oso desberdinak erabili dira osasun-zerbitzuak emateko. Sarritan aipatu da pribatizazioa “soluzioa” dela, antzeko zerbitzua kostu txikiagoan ahalbidetuko lukeelako. Xehetasun tekniko handitan sartu gabe, zer dio ebidentzia enpirikoak? Zoritxarrez informazio egoki oso gutxi dago Espainiarako. Teknika berriak badirudi eraginkorrak eta efizienteak direla. Beste formulei buruz apenas dago ebaluazio zehatzik Espainiarako: ez du garbi adierazten formula berriak hobeagoak (edo okerragoak) direnik. Beste herrialdeetan, nahiz eta ikerketa gehiago egon, ez dago emaitza oso garbirik ere. Eta gardentasun gehiago eskatzen da emaitzak emateko. Ebaluazioak egitea eta hauek zorrotzak izatea behar dira. Beraz, oso zuhurrak izan behar dugu egiten diren proposamenekin.

 

Hirugarrenik eta azkenik, osasun-koordainketari buruz zer esan daiteke? Bai edo ez? Koordainketa, erabiltzaileak (“gaixoak”) prestazioaren kostuan egiten duen parte hartzea litzateke. Berez, koordainketa ez da kontributiboa, hau da, gastu publikoa estaltzeko, baizik eta “arrisku morala” ekiditeko. Arrisku moralak pizgarriekin zerikusia du. Gaixoak ordaindutako prezioa 0 bada eta medikuak ez baditu sufritzen jartzen dituen tratamendu kostua, orduan pizgarriak daude osasun-laguntzako gehiegizko kontsumoa egiteko. Zenbat eta ziurtasun falta handiagoa izan tratamenduan, gaixoaren egoeran eta kostu-eraginkortasunaren artean, orduan eta zentzu gehiago du koordainketak. Zer dio ebidentziak? Ia ikerketa gehienak Estatu Batuetakoak dira. Normalean botikei aplikatzen zaio, baina beste herrialdeetan baita lehen arretan, anbulategiko arreta espezializatuan, ospitaletan edo urgentziatan. Ebidentziak koordainketak zentzua duela dio botiken kasuan, baina ez lineala eta derrigorrezkoa, gaur egun bezala. Kostu-eraginkortasunean oinarritu beharko luke koordainketak. Botikak dohain (edo koordainketa txikiarekin) izan beharko lirateke kostu-etekin balantza eraginkorrena duten kasutan. Ez lukete aktiboen eta pentsiodunen artean bereizi behar, gaur egun bezala, baizik eta errenta-maila eta osasun-egoeraren arabera. Errentaren araberako ordainketa maximoa ere aktiboei aplikatu beharko litzaieke. Errentaren arabera ordaintzeak arazoak dakar, Pertsona Fisikoen Gaineko Errentan gertatzen den iruzurra dela eta. Sistemak sinplea izan behar du. Adibidez, dirua bueltatzearena ez da erraza izaten normalean.

Bestetik, txostenak osasunaren inguruko politikak aztertzen ditu. Hor daude, besteak beste, obesitatea, tabakoa eta alkohola. Zergek hor zeregin garrantzitsua izan dezakete. Horrekin batera dago ingurukoen eta parekoek daukaten eragina eta egoera soziala kontuan hartu beharra. Pobreagoak direnek aukera gutxiago izaten dute eta osasun okerragoa. Hezkuntza-sistema oinarrizkoa da.

Azkenik, osasunaren “gobernu ona” dago. Ez du bakarrik legeak betetzea, kudeaketa txarrik ez egotea, emaitza onak lortzea, eta abar esan nahi, baizik eta erabakiak guztiok adostutako arauekin hartu direla, parte hartze demokratiko eta gardentasunarekin,  kontuak emanez. Horrek, azkenean, emaitza hobeagoak ahalbidetzen ditu. Hemen oso garrantzitsua da pizgarriak beste modu batera diseinatzea, berriro ere, gardentasunarekin, kontuak ematen, eta abar.

Osasun-sistema egungo ongizate-gizartearen oinarrizko euskarria da. Konturatuko zinen gaia oso konplexua dela eta bere eragina oso atal desberdinetan sumatzen dela. Erreformak behar dira osasun-sistema sostengarria izateko. Lan dezente dago aurretik.

 

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


febrero 2014
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
2425262728