Hona hemen zure entretenigarri hiru literatur testutxo, nik denbora pasa aspalditxotik itzuli eta gordeta neuzkanak armairu zaharrean. Han gordeta ikusezinak direnez, «publika ditzadan eta kito» egin dut nire artean. Atea “kaxk-kaxk!” jo diet; eta utzi nituen bezalaxe agertu zaizkit, dotore. Literatura, ezer bada, jolasa da; jolas polita, denbora pasa entretenigarria. Ea ni adina zaren zu ere dibertitzen hitz jostailuokin…
Ahuntza larrean, ito eta… kito.
Jon irakaslea denboratan aritu zen lan eta lan denboraren teoriaz. «Ustez aurkitu dut –esan zion halako batean behin alabari– ezkutuko giltza; lortu dut ekuazioaren kakoa. Asmatu dudan makina honek denboraren martxa manipulatu egin dezake. Baita irauli ere». Hizketan ari zen bitartean botoi bat sakatu eta esan zuen gero:
«Honek eragin beharko lioke denborari joan zedin alderantziz zedin joan denborari lioke beharko eragin honek: gero zuen esan eta sakatu bat botoi bitartean zen ari hizketan. Ere irauli baita. Dezake egin manipulatu martxa denboraren honek makina dudan asmatu. Kakoa ekuazioaren dut lortu, giltza ezkutuko –alabari behin batean halako zion esan– dut aurkitu eta ustez». Teoriaz denboraren lan eta lan zen aritu denboratan irakaslea Jon. Kito… eta ito, larrean ahuntza.
Fredric Brown, Cincinnati, EEBB, 1906-1972
Ate joka norbait
Kaxk-kaxk! Nor ote da? Aitona ote da ba Gabonetako erregaloekin?
Kaxk-kaxk! Nor ote da? Txomin? Ai ene, bada; etxean konturatzen badira!
Kaxk-kaxk! Nor ote da? Egingo nuke bera dela. Urtez kargatuagatik, nire Txomintxo hori beti txantxarako prest!
Kaxk-kaxk! Nor ote da? Pello ote da, bada? Garaiotan etxera…!? Ai ene, zorioneko seme-alabok!
Kaxk-kaxk! Haizea izango da noski. Edo espirituak? Edo oroitzapenak? Edo… Nor izan ote liteke nire bila datorrena, nor…?
Kaxk-kaxk-kaxk!
Kaxk-kaxk!
Kaxk.
Dino Buzzati, Belluno, Italia, 1906-1972
Gizon ikusezina
Gizon hura ikusezina zen, baina inor ere ez zen horretaz ohartu.
Gabriel Jiménez Emán, Caracas, Venezuela, 1950
Bizargorri, 2018-07-11