>

Blogs

Ekonomiaren Plaza

Ekonomiaren plaza

Unibertsitate (publikoaren) egoera Espainian

Azkenaldi honetan hezkuntza pil-pilean dago hainbat arrazoirengatik. Gaur Espainiako unibertsitate publikoen egoeraz arituko naiz, eta horretarako udara baino lehenago argitaratutako txostena (lehenengoa) aipatu nahi dut. BBVA Fundazioak eta IVIEk (Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas) landutakoa da eta “Proyecto U-Ranking” izena du (ikus hemen). Bere helburua Espainiako unibertsitate publikoak sailkatzea da, emaitzen bolumenaren eta ekoizkortasunaren arabera, “Rankings ISSUE” deritzona (ISSUEk Indicadores Sintéticos del Sistema Universitario Español esan nahi du). Unibertsitate pribatuak (guztira, 31) ez dira sartzen, egileen arabera beharrezko informazioa ez dutelako eskaintzen.

Unibertsitate publikoen hiru atal nagusietako emaitzak aztertzen dira, hala nola, irakaskuntza, ikerketa eta berrikuntza eta garapen teknologikoa. Horietako bakoitzari zein haztapen edo “pisu” ematen zaio hiru ataletako informazioa zenbaki bakar eta agregatu batean azaltzeko? Adituen arabera, rankina egiteko, ondorengo haztapenak ematen dituzte:

  • Irakaskuntza: %56,
  • Ikerketa: %34, eta
  • Berrikuntza eta garapen teknologikoa: %10.

Horietako bakoitzaren barnean erabilitako baliabideak, lortutako ekoizpena, kalitatea (emaitzena, prozesuena, …) eta jardueren nazioartekotzea baloratzen dira. Irakaskuntzan, adibidez, ondorengoak erabiltzen dituzte:

  • Baliabideak: Irakasle eta ikerlariak ikasleko, aurrekontua ikasleko, eta doktore-kopurua.
  • Ekoizpena: Arrakasta-tasa, ebaluazio-tasa, eta abandonu-tasa.
  • Kalitatea: Erakartze-gaitasunaren indizea, graduondoko ikasleen ehunekoa, ebakitze-nota.
  • Nazioartekotzea: Ikasleen ehunekoa elkartrukeko programatan, ofizialak ez diren hizkuntzetako programatan matrikulatutako ikasleen ehunekoa, ikasle atzerritarren ehunekoa.

Aldagai dexente sartzen dira, beraz, baina faltan botatzen ditut oinarrizko batzuk. Ez dago lan merkatuan sartzearekin erlazionatutako adierazlerik. Adibidez, ikasleen zein ehuneko dago lanean ikasketak bukatu eta gutxira? Ikasketekin erlazionatutako lana lortu al du? Zein da hasierako soldata? EZ dut ulertzen zergatik falta diren adierazle horiek. Beste arrazoiren artean, ez al dute horretarako ikasten ikasleek, ba? Besteren artean, ez al da unibertsitateari eskatu behar dioguna? Falta serioa da, nire ustez, ez baitu aipamen bat bera ere egiten horren inguruan.

Ikerketan eta berrikuntza eta garapen teknologikoan alor horietako adierazleak leudeke, hala nola proiektu lehiakorretan lortutako dirua, argitaratutako artikuluak, eta abar (ez ditut ipiniko ez luzatze arren).

Espainiako 48 unibertsitate publiko aztertu eta emaitzak bi modutara ematen dira; alde batetik, emaitzen bolumenaren arabera, eta bestetik, ekoizkortasunaren arabera, aipatutako emaitzak unibertsitatearen tamainarekin erlazionatuz, konparatzeko egokiagoa izan dadin. Garrantzitsua da kontuan hartzea emaitzak ordinalak direla, eta beraz, emaitza (zenbaki) zehatzek ez dutela informazio interesgarririk ematen. Hau desabantaila handia da, nire ustez. 1go Taulak emaitzen bolumenaren rankina (ISSUE-V, ordenatu-ardatzean) eta ekoizkortasunaren rankina (ISSUE-P, abzisa-ardatzean) azaltzen du. Hor dago, nire ustez, lanaren ekarpen nagusia. Unibertsitate publikoen egoera oso desberdina da orokorrean. Hala ere, goian eta eskuinean ikus daitekeenez, 8 unibertsitate daude (itzalarekin adieraziak): Universidad Complutense de Madrid (UCM), Universitat de Barcelona (UB), Universitat de València (UV), Universitat Politècnica de València (UPV), Universitat Politècnica de Catalunya (UPC), Universitat Autònoma de Barcelona (UAB), Universidad Autónoma de Madrid (UAM) eta Universitat Pompeu Fabra (UPF). Horiek ere beste rankinetan (Shangaikoa, adibidez) hoberen azaltzen direnak dira Espainian. Goian eta ezkerrean handiak eta ekoizkortasun txikikoak daude, horien artean, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU). Behean eta ezkerrean, txikiak eta ekoizkortasun txikikoak, Errioxakoa adibidez (UNIRIOJA). Azkenik, txikiak eta ekoizkortasun handikoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA) adibidez.

 

1go Taula. Emaitzen bolumenaren rankina (ISSUE-V) eta ekoizkortasunaren rankina (ISSUE-P)  Espainiako unibertsitate publikoan. Ranking bakoitzeko posizioa eta tercilen araberako banaketa.

 

Iturria: Goian aipatutako “Proyecto U-Ranking”.

 

Horretaz gain ere, lanak emaitzak ikasketa-mota desberdinen arabera eskaintzen dira, hiru atal desberdinen arabera, eta abar, irakaskuntza eta ikerketako datu desagregatuak erabiliz. Beste bi emaitza interesgarri ematen ditu ikerketa honek. Batetik, unibertsitate hoberenetan tamaina handiko unibertsitateek emaitzen bolumen handiagoa lortzen dute ekoizkortasunaren kaltetan, nahiz eta ondorio hau mugatua izan. Bestetik, emaitza hoberenak ematen dituzten unibertsitateetan irakaskuntzan eta ikerketan ere ondo dabiltza, baina hori ez da beti gertatzen.

Rankinak orokorrean baliotsuak dira, baina kontu handiarekin ibili behar dira ere, ez baitira “jainkoak emandako egiak”. Dena den, esan bezala, txosten honek zenbait fruitu interesgarri eskaintzen ditu unibertsitate publikoen egoera hobetzeko, bereziki duela urte bete esan genuen bezala, krisi-garaian inoiz baino garrantzitsuagoa baita unibertsitateen eraginkortasuna hobetzea.

 

 

Temas

Hausnarketa eta eztabaida gure errealitate ekonomikoaz /Reflexión y debate sobre nuestra realidad económica

Sobre el autor

"Donostiako Deustu Business Schoolen eta Lehiakortasunerako Euskal Institutoan, Orkestra-n, dihardugun lau unibertsitate irakasle eta ikertzaile gara. Blog hau sortzera bultzatu gaituena zera da: modu ulerterraz, zorrotz, kritiko eta burujabean egindako hainbat gai ekonomikori buruz gogoetak plazaratzea, gai horiek gure bizitzan eta gu parte garen gizartearenean eragin handia dutelakoan". --------------------- "Este blog pretende reflexionar sobre diferentes cuestiones económicas que nos afectan como personas y como sociedad, de una manera divulgativa, rigurosa, crítica e independiente. Somos cuatro profesores que desarrollamos nuestra actividad académica en la Deusto Business School en su campus de San Sebastián y en el Instituto Vasco de Competitividad, Orkestra. Blog sobre economía de Asier Minondo, Iñaki Erauskin, Bart Kamp y Jon Mikel Zabala".


octubre 2013
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031