Gizartean dauden desberdintasun ekonomikoek ardura handia sortzen dute jendearengan, krisia gertatu zenetik batik bat. Lehengo asteko postean Asierrek azpimarratu zuen horren inguruan munduan izan diren aldakuntzak, jende askoren errenta hobetu da azken urteotan, baina hainbat talderena ere okerragotu da.
Baina, zer diote datuek gure inguru hurbilean daukagun desberdintasunari buruz? Horretarako Eustatek Euskal Autonomi Erkidegorako ematen dituen eta sarritan erabiltzen den Gini koefizientea erabiliko dut. Gini koefizientea gizarteko desberdintasunen adierazle bat da eta 0 (guztiek errenta berdina jasotzen dute) eta 1 (pertsona bakar batek errenta osoa jasotzen du) artean mugitzen da. 1.go Taulak Europako Batasuneko herrialdeen Gini koefizienteak erakusten ditu. Euskal Autonomi Erkidegoak 25,1eko koefizientea dauka azken datuen arabera. Beste herrialdeekin konparatuz zenbaki txikia da, herrialde aurreratuenen mailan. Espainian handiagoa da. Taula horretan bertan herrialde bakoitzaren biztanleko errenta ipintzen dut. Simon Kuznets ekonomista eta Nobel sariaren (1971) ustez, alderantzizko “U” baten itxura du desberdintasunak. Hasieran, biztanleko errenta txikia denean, desberdintasun txikia izan ohi da. Biztanleko errenta handitzen doan heinean, aldiz, desberdintasuna areagotzen doa, baina maila jakin batetik aurrera, desberdintasuna murrizten da berriro. 1.go Irudiak erakusten ditu datu horiek. Joera ez da oso garbia, baina biztanleko errenta handiagoa duten herrialdeetan desberdintasunak txikiagoak dira orokorrean, salbuespenak salbuespen.
1.go Taula. Biztanleko BPG eta Gini indizea Europako Batasunean, 2015.
Biztanleko BPG |
Gini indizea |
|
Alemania |
125 |
30.1 |
Austria |
127 |
27.2 |
Belgika |
117 |
26.2 |
Euskadi |
119 |
25.8 |
Zipre |
81 |
33.6 |
Danimarka |
124 |
27.4 |
Espainia |
92 |
34.6 |
Finlandia |
108 |
25.2 |
Frantzia |
106 |
29.2 |
Grezia |
71 |
34.2 |
Hungaria |
68 |
28.2 |
Irlanda |
145 |
30.8 |
Italia |
95 |
32.4 |
Luxenburgo |
271 |
28.5 |
Herbehereak |
129 |
26.7 |
Polonia |
69 |
30.6 |
Portugal |
77 |
34.0 |
Erresuma Batua |
110 |
32.4 |
Suedia |
123 |
25.2 |
EB-28 |
100 |
31.0 |
Iturria: Eustat (ikus hemen eta hemen).
Iturria: Eustat (ikus hemen eta hemen).
Eta zein izan da azken urteetan desberdintasunak Euskal Autonomi Erkidegoan izan duen bilakaera? Eusko Jaurlaritzak duela urte gutxi honi buruzko ikerketa argitaratu zuen (ikus hemen). 1986 eta 2008 urte bitartean desberdintasuna murriztu zen Euskadin, Europako Batasuneko herrialde aurreratuenen antzera, eta krisiaren lehenengo urteetan badirudi hau ez dela asko aldatu. Hala ere, emaitza horren zati handi gizarte-transferentzien (pentsioak eta gizarte-prestazioak nagusiki) ondorio dira. Euskadin, adibidez, Gini koefizientea 45 (20 puntu gehiago; 15 pentsioekin eta 5 gizarte-prestazioekin) izango litzateke, transferentzia hauek kontuan hartuko ez balira. 2. Irudiak erakusten du transferentziek (pentsioek eta gizarte-prestazioek) pertsonen sarreretan duten eragina Lorenz-en kurbaren bitartez. Lorenz-en kurbak abzisa-ardatzean biztanleriaren ehuneko metatua eta ordenatu-ardatzean errentaren ehuneko metatua erlazionatzen ditu: lerro zuzen batek errentaren banaketa oso berdina dela esan nahiko luke eta, alderantziz, erlazioak kurba “handia” badu errentaren banaketa oso desberdina izango litzateke. EAEren kasuan 2. Irudiak dio, transferentziak ez balego, errenta txikieneko biztanleriaren %30ak bakarrik errenta osoaren %2,5 jasoko luke (kurba berdearen ezkerraldean) eta errenta handieneko biztanleriaren %10ak errenta osoaren %25 baino gehiago lortuko luke (kurba berdearen eskuinaldean). Pentsioek eragiten dute ehuneko hauek %12,5 (lerro laranjaren ezkerraldean) eta %21 (lerro laranjaren eskuinaldean) izatea, hurrenez hurren, eta gainerako transferentziak kontuan hartzerakoan, % 15,8 (lerro urdinaren ezkerraldean) eta %19,7 (lerro urdinaren eskuinaldean).
2. Irudia. Lorenz-en kurba pertsonen sarreren arabera, transferentziak baino lehenago eta ondoren. Euskadi, 2012.
Iturria: Antón, Colinas eta Iruarrizaga (Eusko Jaurlaritza).
Zerk sortzen ditu desberdintasunaren aldakuntzak? Hainbat faktore daude, Pikettyren lan oparoak dioen bezala (ikus honi buruzko posta), baina faktore horiek ere ez dira bakarrak. Beste egun baterako utzi beharko ditugu …